
Gipuzkoako eta Bizkaiko bederatzi landa garapen elkartek baserri inguruetako paisaiak balio handia duela eta, horiek mantentzeko beharrak bultzatuta, Baserri-paisaiak proiektua antolatu dute. Tartean da Goierriko Goimen landa garapen elkartea ere. Klima atlantikoaren eremuko landa eremuen paisaiari erreparatuko diote proiektuan. Bi parte-hartze saio egingo dituzte, Goierriri dagozkionak Zaldibiako Goizane etxaldean. Ondoren, Goimenek jasotako emaitzak txostenean borobilduko ditu, eta jendeak aurkezten dituen gaietan sakonduko du. Eskualdeko administrazioei eta eragile ekonomiko zein sozialei aurkeztu ondoren, hurrengo urteetan ekimenak gauzatzea da asmoa. Baserriak eta lehen sektoreak ondu, zaindu eta iraunarazten dituen paisaien balioaz gizartea jabetzea da helburu bat. Bien bitartean, nekazarien alderdira begira, baserriko produktuei «beste balio erantsi bat» gehitzeko aukera aurkeztuko dute, «herritarrek baserri-paisaietan gehien baloratzen dituzten elementuak zeintzuk diren azalduz». Herritarren gogoeta paisaiaz «Eskualdeko paisaien etorkizuna interesatzen al zaizu?» Galdera horretatik hasita, lehenengo parte-hartze saioan herritarrek beren irudipenak eta iritziak eman ahalko dituzte: Goierrin bizi-kalitatea bermatzeko paisaietan zer aldatu edo mantendu beharko litzatekeen, paisaien balioak zein diren, babesteko proposamenak… jaso nahi ditu Goimenek. Aurreneko fase horretan eskualdeko landa paisaiaren «altxorrak ezagutu, zaindu eta ezagutarazi» nahi dira. Ondoren, horiek balioan jartzeko ekintzak proposatuko ditu agentziak, bigarren batzarrean. Goimenek esan du «oso garrantzitsua» dela bi saioetara joatea. Saio irekiak Gaia. Goierriko baserri-paisaien balioak [...]

Zaldibiako herriaren jabetzakoak diren Igiruako mendi belardiak garbitzeko ekimena hartu du udalak. Gaztelu mendiaren inguruko parajeetan, herri belardiak «aspaldian» oteak eta sasiak hartuta daudela eta, ganadua erabiliz garbituko dituzte, «erabiltzaileekin adostu ondoren». Ganadua eremu jakinetan erabiltzeko, aurrez hesitu egingo dute. Piketeak eta hesolak sartzen hasiak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egingo dira itxiturak. «Zaldibiako herri mendian zikinduta zegoen lur sail handi bat garbi mantentzeko, ganaduzaleen laguntzarekin ganadu larria bertan egokitzea da asmoa, ote puntak eta gainerakoa jan dezaten», azaldu du udalak. Udalaren Ingurumen Batzordea eta ganaduzaleak ados ipini, eta hesiaren xehetasunak elkarrekin zehaztu zituzten. Aldundiak tokian bertan egin zuen eskuzko lehen xehaketa, eta egunotan hesitze lanak burutzen hasi dira.

Azaroaren 27 eta 28an, asteartea eta asteazkena, txotxongilo emanaldia egingo dute Ordiziako Herri Antzokian. Tolosan egiten den Nazioarteko Txotxongilo jaialdia aprobetxatuz egingo dituzte emanaldia. Ordiziako Udaleko kultura sailak antolatu du, Tolosako Turismo Ekinbide Etxearen laguntzaz. 24. urtea dute emanaldi hauek antolatzen. Asteartekoa eskoletako ikasleei zuzendutako saioa izango da. Kolonbiako Manicomio de muñecos txotxongilo taldearen Cuidado con la Marimonda lana ikusiko dute egun honetan. Asteazkenekoa, berriz, saio irekia da. 17:30ean hasiko da eta Uruguaiko Angeles de Trapo antzerki taldeak Viajeros del Carrusel izeneko lana eskeiniko du bertan. Manicomio de muñecos Manicomio de muñecos txotxongiloen konpania 1975. urtean sortu zen Medellinen, Liliana María Palacio Hernández-en eskutik. Kolonbiako talderik ospetsuenetarikoa da. Euren lana enpresetan, ikastetxeetan, haur eskoletan eta hainbat hiriburutako agertokietan erakutsi dute. Cuidado con la Marimonda lana Marimondaren kondairan oinarrituta dago. Erreketan bizi da eta mendiak eta urak zaintzen eta babesten ditu. Egun arrunt batean hasten da istorioa, Rafael eta Miguel soroan lanean dabiltzala. Migelek natura errespetatzen du. Rafaelek, aldiz, nahikoa ur eta egur biltzean soilik pentsatzen du. Biei Marimonda agertuko zaie eta bakoitzari bere eskarmentua emango dio. Angeles de trapo Angeles de Trapo, Yolanda Atalla eta Julio Gallok 1981. urtean Uruguaien sortutako konpania da. ulio Gallok Uruguiko Arte eta Antzerki Eskolan [...]

Estanda Ordiziak zapatuan jokatuko du Majorin, 18:15ean. Rocacero Goarnizoren kontra jokatuko dute. Bi taldeek 12na puntu dituzte sailkapenean, baina ordiziarrek partida bat gehiago jokatu dute. Zaletuei partidara joateko deia egin diete.