Segurako aterpetxeak gelak utzi dizkio Laiotz Herri Eskolari
Atzo eguerdian sinatu zuten Eluska Gerriko Segurako alkateak eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Kirol, Kultura eta Gazteria diputatuak, Segurako aterpetxeak bi gela Laiotz Herri Eskolari uzten dizkiola. Ikastetxeko haurren kopurua asko igo dela eta, leku fa...
Atzo eguerdian sinatu zuten Eluska Gerriko Segurako alkateak eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Kirol, Kultura eta Gazteria diputatuak, Segurako aterpetxeak bi gela Laiotz Herri Eskolari uzten dizkiola. Ikastetxeko haurren kopurua asko igo dela eta, leku faltan zeuden Laiotz Herri Eskolako eraikinetan, eta aterpetxeko gela batzuk uzteko eskatu zion Udalak Diputazioari. Badiolaren esanetan “bi aldiz pentsatu gabe” eman zuen Diputazioak baiezkoa “denona den eraikina denok erabiltzeko delako”. Lokalen erabilera dohan utziko du Diputazioak.
Beraz, probisionalki aterpetxean egokitu diren bi geletan egongo dira bost urteko 28 ikasle inguru aurtengo kurtsoan. Ikasturte hasieratik daude ikasleak aterpetxean, baina paper ofizialak sinatzea falta zen atzo arte. Beheko eskoletatik gertu dago aterpetxea eta Gerrikoren arabera “aldaketa honek ez du lehengo martxa gehiegi aldatuko: gurasoak haurren bila leku beretsura joango direlako”.
Goiko eskoletako obrak maiatzean amaitzea aurreikusten da eta amaitutakoan denentzako lekua egotea espero da. Hala ere, Gerrikoren esanetan “biztanleriak une honetan bezala igotzen jarraituz gero, leku arazoak egongo dira berriro ere”. Segura 1500 biztanletara gerturatzen ari dela azaldu zuen eta “oso positibotzat” jo zuen hazkunde hau, “herria bizirik dagoenaren seinale delako eta etorkizuna duen herri bat dela esan nahi duelako”.













