Salmenta gune baino, erakusleiho
Santa Lutzi feriak aurten ere eman du berea. Urretxuko eta Zumarragako kaleak Euskal Herriko produktu eta abelburu onenen erakusleiho bihurtu dira, beste behin. Pottoken eta zaldien sariketan kantitateak behera egin badu ere, azokak orokorrean «mailari eutsi» diola aipatu dute bertan parte hartu duten abeltzainek eta nekazariek.
Markina-Xemeingo Alejandro Arrietak saria jaso zuen atzo. Bost urte daramatza ereiten dituen barazki ekologikoak azokara ekartzen. Dagoeneko bezero finkoak badituen arren, «jendea erostera baino ikustera» gehiago gerturatzen dela aipatu zuen. Gainontzean, barazki sariketari begira «maila polita» egoten dela gaineratu zuen.
Maria Etxezarreta gabiriarra 30 urtez aurkeztu da barazki sariketara. Atzo ere saria jaso zuen, baina ez zen lehengo aldia izan. Azokak mailari eusten diola uste du, baina «lehen lehiakortasun gutxiago» zegoela azpimarratu zuen. Anttoni Murgiondo herrikideak ere badaki zer den sariak jasotzea. Barazki eta fruta sariketetako bost sari beretzat izan ziren atzo. Sari hauek «lanean jarraitzeko motibazioa» ematen dutela aitortu zuen.
Aiako Mari Karmen Egurzak azokara ekarri zituen euskal oilo arrazako kapoiek ere saria jaso zuten. Azken hogei urtetan egin du azokara derrigorrezko bisita, familiako ohiturari eusteko. Gutxi saltzen dela dio, «lehen gehiago saltzen genuen, garai batean ohitura baitzen ugazabari errenta moduan bi kapoi eramatea».
Mailari eutsi dio feriak
Legazpiko Markos Madinabeitia ere pozik zen atzo euskal oiloa arrazako oilaskoen sariketan saria jaso eta gero. Gero eta zailago dagoela dio, «lehiakortasuna urtetik urtera gora» doalako. Orain 15 bat urte bera izan zen euskal arrazako oilaskoa azokara ekartzen lehenengotarikoa.
Aitor Iraeta Zaldibiako ZAPE pottoka elkarteko kideak ere, beste horrenbeste urte daramate azokara etortzen. Hasi zirenean azokan animalia gehiago zegoela oroitzen du. Aurten «azken urteetako kopuru txikiena» egon dela azpimarratu zuen, herritar askoren ahotan entzun zenarekin bat etorrita. Azokan burokrazia areagotu egin dela eta, «askok izapide guztiak ez pasatzeagatik» etortzeari utzi diotela azaldu zuen. Azoka salerosketarako baino «ezagutzera emateko» egokiagoa dela aipatu zuten. Amaitzeko, Santa Lutzi azokan «pottoka ezagutzera emateko egiten ari den lana» eskertu zuen Iraetak.














