Aitor Perez Arrieta: «Lehen dibertsio bezala ikusten nuena, lan bezala ikusten dut orain»
Aitor Perez Arrietak (Zegama, 1977) txirrindularitza uzteko erabakia hartu du. Bizibide bihurtu duen afizioaz hitz egin du.
Noiz eta nola hasi zinen txirrinduari gustu hartzen?
Egia esan nahiko berandu hasi nintzen txirrindularitzan. Kadete mailara arte futbolean ibiltzen nintzen. San Bartolome …
Aitor Perez Arrietak (Zegama, 1977) txirrindularitza uzteko erabakia hartu du. Bizibide bihurtu duen afizioaz hitz egin du.
Noiz eta nola hasi zinen txirrinduari gustu hartzen?
Egia esan nahiko berandu hasi nintzen txirrindularitzan. Kadete mailara arte futbolean ibiltzen nintzen. San Bartolome festetan urtero egiten da Apeaderorako igoera eta han parte hartzeko pixka bat entrenatzen nintzen, eta bi urtetan irabazi nuenean herriko lagun talde batek eta lagunek txirrindularitzan agian ondo ibiliko nintzela eta probatzera animatzeko esan zidaten. Halaxe, hamazazpi urte ingururekin hasi nintzen.
Idatzi duzun agur-oharrean gurasoei ere asko eskertu diezu egindakoa.
Bai, asko daukat haiei eskertzeko. Ikasketak pixka bat alboratu beharra izan nituen, azkenean denbora gutxiago eta indarra ere galtzen duzulako txirrinduarekin, eta nire nahiak errespetatu eta babesa eman zidaten nahi nuen hori egiteko. Afizionatu mailan, gainera, ez da dirurik irabazten eta, hala ere, beti euren babesa izan dut.
Sakrifizio handia eskatzen duen kirola da txirrindularitza. Nola eraman duzu?
Lagunartetik pixka bat baztertu egiten zaitu. Adibidez, lagunak Segurara Sanjoanetara zihoazen eta nik agian lasterketa nuen hurrengo egunean, eta ezin izaten nuen hainbeste parranda egin. Negu aldean, lasterketa gutxiago zeudenean aprobetxatzen nuen horretarako. Hor, gaztetan, adin muga bat egoten da lehentasuna zeri eman nahi zaion erabaki behar dena, eta hor jende asko gelditzen da bidean.
Eta egindako ahaleginari esker profesional mailara iritsi zinen. Zer sentitu zenuen profesional mailan hasi zinenean?
Inbutu handia izaten da hori, 200 lagun ingurutik lauzpabost bakarrik pasatzen direlako. Lehen telebistan ikusten nituen txirrindulariekin batera ibiltzen hasi nintzenean harrigarria egiten zitzadidan, haragizkoak zirela ikustea… Gero ohitzen joaten zara. Afizionatu garaian Euskal Herriko eta Espainiako lasterkari onak ezagutu nituen eta profesional mailan, berriz, mundu osokoak. Amets bat betetzea izan da niretzat.
Profesional mailan ibili zarenean, talderen batean sentitu al zara besteetan baina gusturago?
Nire urterik onenak Spiuken pasatakoak izan zirela esango nuke. Extremdurako talde hartan talde osoaren erlazioa oso ona zen. Gainera, bolada hartan nik ere maila ona eman nuen, eta horrek ere asko egiten du. Garai hartan taldeko buru nintzen eta horrek ere asko betetzen ninduen. Talde handiagoetan egoteko aukera ere izan dut eta horietan ere maila eman dut, baina, desberdina da. Spiuken familia giroan geundela esan liteke, eta talde handiagoetan enpresa bat direla sentitzen duzu, gehiago eskatzen dizute, presioa handiagoa da…
Etapa bat aukeratzekotan, zein?
Tourren hirugarren egin nuena. Agian ez nuen mailarik onena eman, baina, etapa hartan hirugarren gelditzea oso garrantzitsua izan zen niretzat. Azkenean Tourra erakusleiho bat da eta jendeak orduan lortutakoagatik gogoratuko nau gehienbat.
Orain, txirrindularitza uzteko erabakia hartu duzu. Zergatik?
Taldean zeuden arazoak izan ziren gehienbat bultzatu nindutenak, eta neroni ere aspalditxoan dudan nenbilen, eta garaia hau zela ikusi dut. Justu gaur goizean jakin dut, gainera, taldeak aurten ere jarraitzeko erabakia hartu duela. Gero, gainera, lehen Dioni Galparsororekin entrenatzen nuen asko, eta hark ere utzi zuen eta…. Tira, Izagirre anaiekin ere gustura entrenatu izan dut orain, baina, Dionirekin adin beretsuagoak ginen, egunero gelditzen ginen… beste erlazio bat nuen. Lehen dibertsio bezala ikusten nuena, lan bezala ikusten dut orain.
Eta, orain, zer egiteko asmoa duzu?
Agian beste lan batean hasitakoan majo damutuko zait, baina, tira. Ideiak eman dizkidate, txirrindu denda bat irekitzeko eta, baina, Goierrin jada badaude dezente eta ez zait iruditzen funtziona dezakeenik. Ez dakit seguru zer etorriko den orain, garai txarra da ezer uzteko, baina, garaia ere badela uste dut.













