
Asier Mujika Aramako alkateak, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapen sailburuordeak eta Martin Garitanok Aramako udaletxe berria inauguratu dute gaur goizean. Kanpoan kazkabitoa ari zuenez, udaletxe barruan dantzatu dute dantzariek Aitor Furundarenak jotako agurra eta herritar mordoxka inguratu da ekitaldira. Dantzaren ostean alkateak eta gonbidatu bereziek hitz batzuk esan dituzte udaletxeak herrian duen funtzioa azpimarratzeko.
Bide batez, eraikin hau “iraunkortasunari eta ingurugiroari begira erreferentea” dela azpimarratu nahi izan dute. Kanpoaldean, esaterako, iparraldera itxita dago hotza pasatu ez dadin eta hegoaldean landareak jarri dituzte udan freskura mantentzeko et neguan, landareak hostoak galtzen dituztenean, eguzkiaren epeltasuna barrura sartzen uzteko. Berogailuetan “geotermia apustu handia” egin dutela ere azaldu dute. Garitanok “Gipuzkoak garapen orekatua izan dezan”, herri txikietan horrelako proiektuen beharra azpimarratu du eta “Araman bezalako partehartze prozesuek ere garrantzia handia” duela esan du.
Ekitaldi ofizialaren ostean, Mujikak udaletxe berria erakutsi die gonbidatuei eta bisita horretan ludoteka, erabilera anitzeko gela, liburutegia eta udaletxeak dituen beste hainbat gela ere erakutsi dizkie, eta baita geotermia sistemaren funtzionamendua ikusteko galdarak erakutsi ere. Bisita amaitutakoan hamaiketako eder batez gozatzeko aukera izan dute bertaratuek.