Naturaren taupada jasotzen dute egutegiek. Hilabeteen izenek, egunen zerrenda ordenatuak eta astegunen segidek, taupada horren oihartzuna gordetzen dute askotan ahazten bada ere. Negua da, baina natura udaberriko loraldira begira ari da, ezkutuan kimatzen.
Goierriko Hitza
Goierri
Naturaren taupada jasotzen dute egutegiek. Hilabeteen izenek, egunen zerrenda ordenatuak eta astegunen segidek, taupada horren oihartzuna gordetzen dute askotan ahazten bada ere. Negua da, baina natura udaberriko loraldira begira ari da, ezkutuan kimatzen. Atzo, makilekin lurrari eragin zioten Goierriko herri gehienetan, lurra neguko lozorrotik esnatzeko.
Oraindik ere, zuhaitzek eta landareek neguko itxura gordetzen badute ere, ernaldutako lurra loratzeko prestatzen ari da. Eta, ondo begiratuz gero, zuhaitz adaxka batean baino gehiagotan kimuak ikus daitezke dagoeneko.
Teoria asko dago Santa Agedako kantu eskearen gainean. Nekazari eremuari lotutako ohitura laikoa izan daiteke, inauteriekin lotutakoa. Negu sasoian, udaberriaren atarian, landatzeko garaia iristear dagoenaren ospakizuna, lurrari egindako eskea.
Bitxia da horrelako ohiturek zenbateko antza duten munduko hainbat bazterretan. James Brazer antropologo eskoziarrak lurrari lotutako sinesmenen arteko antzekotasun hori jaso zuen 1890ean publikatutako The Golden Bough: A Study in Magic and Religion (Urre koloreko adarra: magiari eta erlijioari buruzko azterlana) lanean. Esate baterako, uzta garaian lurraren jainkosa hiltzen eta udaberrian berpizten zenaren mitoa mundu osoko gizarte tradizionaletan zabaldurik zegoela baieztatu zuen. Tokian tokiko uztetako elementu nagusiak aldatzen baziren ere –artoa, garia (urre koloreko adarra), oloa…– Lurrari eskatzeko eta eskerrak emateko modua, sinesmenak praktikatzeko era, alegia, antza handia zutela jasota utzi zuen.
Santa Agedako kriseiluak (argia), makilak (lurra itzartzeko kolpeak) eta kantuak (eskaera eta eskertza adierazteko modua) aspaldiko ohiturari erantzuten diote; bide batez, egutegiko zerrenda hotz eta ordenatua bizirik dagoela gogoratzen dute.
Nekazari batek ederki asko daki hori, izan ere, baserrietan, azkar asko hasiko dira zuhaitzak landatzen. Atzo, baserritarrak ez direnak ere kaleetara atera ziren makilak eskuan, eta lurrari kuku egin zioten, eta lurrari kantatu egin zioten, eta gaueko iluna argitu zuten amalurra esnarazteko, eta esnatzen denean, ahal dela, uzta ederreko urtea ekar dezala eskatu zioten.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.