Iaz 89 bikotek parte hartu zuten
Dagoeneko abiatzear da Goierriko mus txapelketen zirkuitua. Mus txapelketak taberna eta elkarteetan antolatzeko ohitura baldin badago ere, hiru izaten dira Goierri behean antolatu ohi diren txapelketa jendetsuak: lehena Ordiziako Argi Berri elkartean, hurrena Zaldibiako Zubi-Buru elkartean eta aste batzuk beranduago Beasaingo Arrano elkartean. Buztuntza auzoko Argi Berri elkarteko txapelketaren 36. edizioa datorren larunbatean jokatuko da, hilaren 9an, aspaldiko urteetako egitura berari eutsiz.
Txapelketan parte hartu nahi duten bikoteek 16:15erako eman beharko dute izena –bikoteko 40 euro ordainduta–, eta egin beharreko zozketa egin ondoren, jokoan 16:30ean hasiko dira. Bikote gutxi batzuk Argi Berri elkartea bera izango dute jokaleku, eta gainontzekoak elkartearen ondoan dagoen Urdaneta eskolan ariko dira lehian. Txapelketa lau erregetara da, sei hamarrekoko sei ustelera. Epaileen erabakiak eztabaidaezinak izango dira.
Sariak ere potoloak izaten dira Argi Berrin. Irabazleek 1.500 euro eta txapelak jasoko dituzte saritzat; bigarrenek 800 euro; hirugarrenek 400 eta laugarrenek 200. Hurrengo lau bikoteek bestelako sariak jasoko dituzte: bosgarrenek arkume bat eta Xixio Mujika harategiak emandako bi txuleta; seigarrenek arkume bat eta Siglo XX harategiak eta Aliproxek emandako bi txuleta; zazpigarrenek Gaintzako Oteñe erretegiak emandako lau afari; eta zortzigarrenek Ikaztegietako Begiristain sagardotegiak eskainitako beste lau afari.
Ez dira horiek izango sari bakarrak. Elkarteko lehen bikoteak Iosu Harategiak emandako bi txuleta jasoko ditu. Herriko lehen bikoteak bi txuleta eta Orlegi tabernak eskainitako bi botila ardo. Azkenik, bi emakumek osatutako lehen bikoteak Biñaspre lurrindendak eskainitako lote bat jasoko du saritzat. Horrez gain, elkarteko antolatzaileak bosna antxume eta arkumeren zozketa errifak saltzen ariko dira.
Muslari askoko txapelketa
Argi Berriko mus txapelketa da bikote gehien elkartzen dituen txapelketako bat. Gipuzkoa osoan eta Nafarroan jarri dituzte kartelak aurten ere, eta ehun bikote ingurura iristea dute helburu, nahiz eta Tolosan inauteriak direla jakin. Iaz 89 elkartu ziren, aurreko urte batzuekin alderatuta dezentez gutxiago –2011n 115 bikote elkartu ziren eta 2006. urtean, esaterako, 158 bikote–.