Segurako Laiotz herri eskolako ikasleak kultur astea ospatzen ari dira
Laiotz herri eskolako ikasleak 19. kultur astea ospatzen ari dira astelehena geroztik. Gaur, jaialdirako entsegu orokorra, elkarbizitza tailerrak eta txotxongilo ikuskizuna izan dira. Bihar, berriz, Lehen Hezkuntzako ikasleek tailerrak izango dituzte.
Ostegunean, 15:00etan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek emanaldia eskainiko dute Baratze pilotalekuan. Ikusleak euren gurasoak eta Zeraingo eta Zegamako ikasleak izango dira. Ostiralean, 15:15ean, mozorro festa eta txokolate jana izango dira. Eguraldi ona egiten badu, plazan, eta txarra eginez gero, pilotalekuan. 18:30ean haurrak hartzaren esnaera ikustera joango dira.
Larunbateko ekitaldiei dagokienez, 11:30ean haur jolasak izango dira plazan edo pilotalekuan: zaku karrera, oskol bilketa, arrautza jokoa, globo puskatzea, sokatira eta zinta karrera (azken jolas honetan parte hartu nahi dutenek, bizikleta eraman behar dute). 16:00etan puzgarriak eta tailerrak izango dira, 17:00etan 6. mailako ikasleek futbito partida jokatuko dute gurasoen aurka eta 17:30ean ogitartekoak banatuko dira haurren artean.
Azken ekitaldia igandean izango da: haurrak eta gurasoak Leaburuko Laarte mendira joango dira. Autobusa 8:30ean irtengo da, plazatik.
Esan bezala, aurtengoa kultur astearen 19. edizioa da. Cristina Altuna ikastetxeko zuzendariak ekimen honen helburua «euskara indartzea eta gurasoei emanaldiak eskaintzea » dela esan du.
Ekitaldi nagusia osteguneko ikuskizuna da. «Haurrek oso serio parte hartzen dute. Urduri. Ondo egiteko gogoarekin». Urtero bezala, antzerkia, musika eta bertsolaritza izango dira saioaren ardatzak. Ikasle guztiek parte hartuko dute. Egun, Laiotz herri eskolan Segurako, Zeraingo eta Mutiloako 197 neska-mutikok ikasten dute.
Aurtengo saioa Baratze pilotalekuan izango da, ikastetxea berritzen ari baitira. «Egungo eraikina luzatzen ari gara. Helburua haur guztiak elkartzea da. Egun, hiru eraikinetan banatuta daude eta horrek gure eguneroko lana asko zailtzen du», azaldu du Altunak.
Milioi bateko aurrekontua
Ikastetxeko zuzendaria «pozik» dago, Eusko Jaurlaritzak azkenean euren eskaerari erantzuna eman baitio. Aurrekontua milioi batekoa da. Gela berriak egiteaz gain (eraikinak 16 bat gela izango ditu), sukaldea eta teilatua berrituko dituzte. Lanak udaberrian bukatuko dira eta udan eraikina jantziko dute. Ikasle guztiak toki berera joango dira datorren ikasturtean. Inaugurazio ekitaldia irailean izango da.