Legazpi Zero Zabor taldeak negoziazio mahaiaren desegiteaz balorazioa egin du

Hondakinen kudeaketa aztertzeko negoziazio-mahaiaren bilerak amaitu ondoren, Legazpiko Zero Zabor taldeak, mahaiko partaideek gai honen inguruan adostasuna lortu ez duten arren, aurrerapauso nabarmenak eman direla adierazi nahi du, eta ondoko puntu hauek azpimarratu nahi ditu, hitzez hitz:
  • Lehenik eta behin, negoziazio-mahaian parte hartu duten kide guztiek bilerak giro onean garatzeko egindako ahalegina azpimarratu nahi dugu.
  • Oso interesgarria iruditu zaigu Sasieta Mankomunitateak zaborra biltzeko sistemei buruz egindako azterketa. Horren aurrean, udal-gobernuari azterketa horri buruzko informazioa herritarren artean zabal dezala eskatu nahi diogu.
  • Bileretan parte hartu duten talde guztiak –udal-gobernua, Plataforma, EAJ, PSE, Hamaikabat eta Zero Zabor taldea– auzo-konposta egiteko guneen nahiz auto-konpostaren alde agertu dira.
  • Bestalde, Plataformak eta EAJ alderdiak aurrerapauso handia eman dutela iruditzen zaigu, edukiontzi berdea kentzeko eta errefusa atez ate biltzeko aukera planteatu baitute bileretan. Beraz, argi gelditu da bereizten gaituen gauza bakarra organikoa jasotzeko modua dela, eta hori izan dela talde guztien arteko akordioa ez lortzeko arrazoia.
  • Halaber, talde guztiak ados agertu dira etxean guztiok zaborra bereizteko egin beharreko ahaleginari dagokionez, horixe baita birziklatzeko prozesuaren abiapuntua.
Negoziazio mahaian bildutako ordezkariak aurrerapauso horiek emateko gai izan badira, “legazpiar guztion artean herria Zero Zabor filosofiara hurbiltzeko gai” izango direla argi dutela diote taldeko kideek. Hala ere, gaur egun zaborrekin dagoen arazoa “edukiontzi marroia baino areago doala” uste dute, eta eztabaida horrek atzean dagoen benetako arazoa ezkutatzen duela, “zaborrik onena, sortzen ez dena” delako. Azkenik, datorren ostegunean, hilaren 21ean, kultur etxean antolatu duten hitzaldira gonbidatu dituzte herritarrak. Bertan, Iñaki Petxarroman Berriako kazetariak Su haietatik ke hauek liburua aurkeztuko du, eta Gipuzkoan erraustegiak ezartzeko egindako ahaleginen inguruan mintzatuko da.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa