
Euskal Herriko erlezain ekologikoen lehenengo topaketa egingo dute bihar Urretxuko Aikur erle museoan. Gisa honetako topaketa bat egiten den lehenengo aldia da, eta Aikurren «harro» daude Aitor Otegik esan duenez, ekimen honetarako euren etxea aukeratu izanagatik. Topaketa Euskal Herriko nekazaritza ekologikoko elkarteen kolektiboak EHKOlektiboak, eta Gipuzkoako nekazaritza ekologikoaren elkarteak, Biolurrek antolatu dute.
Topaketa horren helburu nagusia elkarren arteko ezagutza handitzea eta elkarlana bultzatzea izango da. Baita, erlezaintza ekologikoaren egoera zein den aztertu, eta aurrera begira dituzten erronkak aztertzea ere.
Erlezaintza ekologikoa jarraitu beharreko parametro batzuen arabera arautzen da Otegiren hitzetan. Eman dituen adibideen arabera, «erleentzako tratamenduak ekologikoak izan behar dira, ez kimikoak. Edo, erleak ezin dira edozein lekutan eduki, kutsadurarik gabeko ingurunea behar du izan». Jardunaldiaren erronka, harago doa, araudien gainetik «erlezaintza ekologikoa definitzerako orduan, aurrera pausoak eman nahi dira».
Aikur museoa berriz irekita
Bestalde, urtarrilean eta otsailean museoa itxita eduki eta gero, gaurtik aurrera ohiko ordutegian irekiko dutela jakinarazi dute Aikurretik: asteburuetan eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara. Astean zehar taldeak bakarrik hartuko dituzte, eta «garrantzitsua da aurretik jakinaraztea».