
2010eko azaroan jarri ziren lehen aldiz edukiontzi marroiak Beasainen eta duela hilabete batzuk txartel elektronikoaren bidez irekitzeko aukera jarri zen, honen erabilera gehitzeko beste kanpaina bat eginaz. Astero-astero txartel elektronikoak, etxerako kuboak eta plastikozko poltsa bereziak banatzen badituzte ere, Beasaingo 5.100 familia ingurutatik 2.743k bakarrik erabiltzen du txartel elektronikoa. Azken hilabeteetan jasotako datuekin “sorpresa” jaso dutela azaldu dute, gainera, gaur goizean Beasaingo udaletxean egin duten prentsaurrekoan. Sorpresa, “txartel berria jaso dutenetatik 10etik 7k bakarrik erabiltzen dutelako”. Sasieta Mankomunitateko Iñaki Erauskinek dudak ditu “zer den kezkagarriagoa: txartela eduki eta ez erabiltzea edo herritarren erdia baino gehiago diren txartelik jaso ez duten herritarren masa”.
Horregatik, Beasaingo Udalak Sasietarekin elkarlanean sentsibilizazio kanpaina berri bat jarriko du martxan. Etxeetara hondakinak ondo sailkatzeko gida bat banatuko da eta gida honekin batera edukiontzi marroia erabiltzen hasteko deia egingo zaie beasaindarrei.
Horrez gain, bihar, etzi eta etzidamu plazan informazio postu bat jarriko dute, oraindik edukiontzi marroia erabiltzen ez dutenen dudak argitzeko, Patxin eta Potxin pailazoek “Birziklapena erraza da” antzezlana ere egingo dute maiatz amaiera aldera eta auzokonpostaia ere bultzatuko dute Udaletik.