Ampo Ordiziak bigarren urtez segidan jaso du Espainiako Kopa, El Sardinero (Santander) zelaian jokatutako finalean Valladolideko VRAC Quesos Entrepinares taldea mendean hartuta (27-17). Partida aldapa gora jarri zitzaien goierritarrei, zortzi minutu eskasean 17-0 jarri baitziren aurretik Gaztelakoak, baina Ampo Ordiziak erreakzionatzen jakin zuen, eta bigarren zati gogoangarri bat jokatuta –VRACek ez zuen puntu bakar bat ere lortu– Kopa Ordiziara bidean jartzea lortu zuten berriz jokalariek. Eta baita zaleek ere, txalogarria baita beste behin taldearekiko erakutsiko duten fedea eta konpromisoa.

Bi taldeen zaleak estadioaren alde banatan jarrita, ordubatak puntuan zirela hasi zen Kopako finala. Ondo ekin zion lehiari Ordiziak, aurrealdean presioa eginez, eta Krollek taldea aurretik jartzeko aukera izan zuen 3. minutuan, baina huts egin zuen hagetara jaurtitzean. Baina VRAC segituan hasi zen bere jokoa egiten, eta konturatzeko 17-0 aurreratu zen. Iaz Palentziako La Nueva Balasteran gertatukoa etorri zitzaien burura denei, baina Ordiziak egoerari aurre egiten asmatu zuen, eta Danny Krollen eta Jon Ander Grende Xapo-ren entsegu banari esker, partida orekatu zuen. Hiru puntu atzetik joan ziren aldageletara (17-14).
Eta handik bueltan finala irabaztera atera ziren Goierrikoak, Joanes Aierbe kapitainak partida amaieran adierazi zuen bezala. «Taldekideei hori esan diet; zailena egin dugu, eta orain irabaztea tokatzen zaigu». Phil Huxford ausartago aritu zen bigarren zatian, eta bi korrikaldi azkarretan bi entsegu gauzatu zituen (17-24). Zeelanda Berrikoak ama larri gaixotuta du, eta hari eskaini zizkion bi entseguak, eskumuturrari muin emanez. Krollek 71. minutuan sartutako zigor kolpeak lasaitasunaren azken hiru puntuak eman zizkion taldeari.
Ordura arte egonezinez betetako poza zena, lehertu egin zen azken txistukadarekin. Arerioekin besarkatu ondoren, zaleengana hurbildu ziren jokalariak, eta haien esker ona adierazi zieten harmailak gorri-urdinez koloreztatu zituzten hiru mila zaleei.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.