Presoekin elkartasunak Goierriko plazak beteko ditu larunbatean

pnga_erakutsi-8Larunbatean Plazara ekimena egingo da Euskal Herriko herri guztietan eta mundu osoko hainbat hiritan euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko eta euren eskubideak aldarrikatzeko. Goierri garaiko Herrira taldeek prentsaurrekoa eman zuten asteazkenean ekitaldien berri emateko. Kepa Urtzelai Legazpiko alkateak eta Eneko Zabaleta Ezkio-Itsasoko zinegotziak eragileen arteko elkarrizketa eta akordioek, Donostiako nazioarteko bake konferentziak eta ETAren armak uzteko erabakiak gehiegi luzatu den gatazka egoera atzean uzteko eta denon artean bake egoera justu bat eraikitzeko aukera zabaldu dutela esan zuten. Gatazkaren ondorioak asko direla eta guztiak konpondu behar direla gehitu zuten. Hala, Legazpiko Juani Delgado eta Kepa Solana eta Ezkio-Itsasoko Gonzalo Rodriguez presoei 197/2006 doktrina (Parot doktrina) aplikatu zaiela gogoratu zuten. Honek, euren zigorra luzatzea suposatzen du Solanak duela bi urte bete zuen zigorra eta Delgadok orain dela urte eta erdi, baina espetxean jarraitzen dute. Rodriguezek ekainean beteko du, baina espetxealdia 2023. urtera arte luzatu diote. Legazpi eta Ezkio-Itsasoko udalek hiru preso hauek aske uztearen eta gainontzeko guztien eskubideak errespetatzearen aldeko mozioa onartu dute. Asteazkeneko agerpenean parte hartu zuten herritarrek bat egin zuten eskaera horiekin. Horretaz gain, presoak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituztenak aske uztea eta doktrina aplikatzeari uztea eskatu zuten. Gainera, Plazara ekimeneko ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu zuten. Bukatzeko, datozen asteetarako elkartasun ekitaldi gehiago antolatu dituztela jakinarazi zuten. Hilaren 31n ohiko kontzentrazioak egingo dira Legazpiko plazan eta Urretxu eta Zumarragako Areizaga-Kalebarrenen. Ekainaren 9an, berriz, presoen aldeko bertso saioa egingo da Urretxuko Labeaga aretoan. 18:00etan hasiko da eta Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu urretxuarrek, Julio Soto, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Beñat Gaztelumendi, Iker Zubeldia eta Alaia Martinekin abestuko dute. Bestalde, hilaren 25ean autobus bat Herrera de la Manchara joango da Rodriguez bisitatzera. Autobusa 01:00etan irtengo da Areizaga-Kalebarrenetik. Joan nahi dutenek lehenbailehen eman behar dute izena. Goierriko egitaraua -Ataun 10:30. Ibilaldia San Martinetik San Gregoriora. Sei tokitan geldituko dira panel informatiboak jartzeko. 12:00. San Gregorion ekitaldia eta argazkia. -Beasain 13:00. Kalejira udaletxetik txosna gunera. Ondoren. Ekitaldia eta argazkia. Mozorro Eguna denez, mozorrotuta agertzea eskatu dute. -Ezkio-itsaso 12:00. Elkarretaratzea Anduaga plazan, dantzari, bertsolari eta trikitilariekin. Salda eta pintxoak banatuko dituzte eta argazkia aterako dute. -Idiazabal 11:30. Triki-poteoa. 13:00. Argazki erraldoia eta bazkaria. 16:00. Ume jolasak. -Itsasondo 12:30. Elkarretaratzea. -Lazkao 13:00. Elkarretaratzea. -Legazpi 13:00. Elkarretaratzea plazan eta ondoren presoen aldeko txotxa, pintxo dastatzea eta argazkia. -Legorreta 20:00. Elkarretaratzea. -Ordizia 11:00. Haur jolasak eta bigarren eskuko liburu azoka. 12:00. Trikitilariek girotutako mokadutxoa. 13:00. Elkarretaratzea eta dantzari eta txalapartariekin ekitaldia. -Segura 13:00. Elkarretaratzea eta ondoren mokadutxoa. -Urretxu-Zumarraga 11:30. Elkarretaratzea lizeoko patioan eta ondoren kalejira eta argazkia. -Zaldibia 10:30. Herriko txistulariekin diana. 11:00. Pilota partida herrikoia eta ondoren ekitaldia. 14:00. Bazkaria elkarteen eskutik. Bazkalostean. Ibon Magoaren eta Takoloren ikuskizunak, Zaldibiako Gazte Asanbladak eta Ernaik antolatutako aulki jokoa eta aerobic taldearekin dantzaldia.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa