Bosgarren edukiontziaren alde 2.765 boto jaso dituzte Ordizian
Larunbat eta igandean, egun osoan zehar, hondakinen bilketari buruzko iritzia emateko aukera izan zuten ordiziarrek atez ateko hondakin bilketaren kontrako herri ekimenekoek antolatutako galdeketan. Bizilagunen eskura bi papeleta jarri zituzten: bost edukiontzien sistemaren aldekoa eta atez ateko bilketaren aldekoa.
Ekimenekoek galdeketa “ahalik eta garbiena izan zedin” notario aurrean egin zituzten izapideak; Bilduko ikuskariak ere mahaietan egon ziren galdeketan irregulartasunik izango ote zen behatzen.
Antolatzaileen arabera, 2.765 boto jaso ziren bost edukiontzien sistemaren alde; 40 ateaz atekoaren aldekoak; 30 baliogabe eta 3 zuri. Partehartzea denera %40an kokatzen dute; bost edukiontzien aldeko botoak, berriz, %39,4.
Aldea dago Bilduk emandako datuetara. Hain zuzen ere, jasotako zuzeneko botoak 2.488 izan zirela diote; beraz, partehartzea %31,,21ekoa izan zen. Bi boto kopuruen arteko ezberdintasuna besteen izenean emandako botoak eta “irregulartasunen bat” erakusten zutenak kanpoan uztegatik da.
Azkenean, oinarri gisa hartuko zuten listadu edo erroldak ekarri zuen nahastea, 900 pertsona inguruko aldea dago batetik bestera. Ekimenekoek eta Bildukoek, batzuek batean eta besteek bestean oinarritutako datuak eman dituzte. Galdeketaren antolatzaileek azken hauteskundeetako boto eskubidea zutenen zerrenda erabili zuten oinarri gisa; 7.008 lagunez osatua. Hala ere, Ordizian erroldatuta dauden 18 urtetik gorako guztiei utzi zieten botoa ematen. Ordizian, erroldatuen zerrenda 7.971koa da. Antolatzaileek erroldatuta dauden guztien bozkak jaso, baina boto eskubidea dutenen zerrendatik atera dute ehunekoa.