Igor Esnaolak irabazi du Almitzaren ligako azken saioa, Azpeitian
Igor Esnaola segalari legorretarrak irabazi zuen, atzo, Euskal Herriko bakarkako V. Sega Ligaren azkeneko jardunaldia, Azpeitian. Lana txukun eta azkar egin zuen goierritarrak, baina ligako txapela nagusia Joxe Gabirondo gazteluarrarentzat izan da, aurreko bi saioetan onena izan, eta atzo ere hutsik ez zuelako egin.
Esnaolak 2:37 minutuan ebaki zuen 100 metro koadroko saila, Ikasberri ikastolaren ondoko belardian. Eguneko sailkapenean bigarrena Jesus Goenaga errezildarra izan zen, eta hirugarrena Gabirondo liderra. Esnaolarekiko puntu bakarraren aldeagatik, gazteluarrak eraman du txapela. Goenagak osatu du podiuma.
Emakumeetan (35 metroko saila zuten), Alaitz Imaz da ligako irabazlea, iaz bezalaxe. Bigarren Irati Astondoa sailkatu da, eta hirugarren Alazne Etxaburuak.