
Eguraldia beti izaten da hizpide feriako solasaldietan, hau baita jaun eta jabe produktuen garapenean. Udazkeneko produktuengan joan zen asteko beroak izan duen eragina zebilkiten atzo saltzaileek hitzetik hortzera. Brokoliak, esate baterako, loratu egin dira egun batetik bestera eta ezin salduz geratu dira; hala ere, bada alde baikorra ikusten dionik ere. Patxi Arizmendiren arabera, «ganaduarentzat ona eta ez da dena galdua».
Bestalde, intxaur berria noiz salgai izango den zain gauden honetan, ez dela intxaur askorik izango diote, udaberri bustiaren ondorioz intxaur gutxi baitaude, eta erortzen ari dena sokanatik libratu gabe erortzen da eta hori ez da ona.
Alde onak begiratuta, uda betean egon ez diren bezala daude momentu honetan tomateak eta beste zenbait entsaladarako osagai. Dituzten barietateei dagokionez, Aramako Zurutuza ahizpen postua zen deigarrienetako bat. Bertan aurki daiteke aurtengo lehen irasagarrekin egindako dultzea ere (9 euro kiloa), kilo erdiko pusketetan salgai.
Arkume eta ehiza garaia

Urriaren 12ko data dute askok arkume garaiaren hasierako mugatzat. Seinale moduan edo, atzo bakar bat saldu zen Ordizian, artzainek denboraldi osorako gustura sinatuko luketen prezioan, gainera (5,20 euroan kiloa). Goiko larreetako artaldeak, berriz, ia neguko artegira inguratzen hasiko dira laster.
Ehiza izan zen atzo produktu berrien artean deigarriena. 100 bat uso salgai ziren Lasaren postuan, 7 euroan pieza. «Hauek Toledo eta Portugal aldean ehizatuak dira, oraindik hemengorik ez» dagoela aipatu zuen Mikelek.
Kanpoko kontuak aipatuz, Valentziatik ekarritako laranjak aipatu behar; 2 eta 2,5 euro artean jarri zituzten lehendabizikoak atzo salgai.