Etxean «elkar entzuteko gunea» sortzeko ikastaroa dago Ataunen
Ataungo Herri Antzokiak irakurketa ikastaro bat antolatu du, Galtzagorri elkartearekin batera. Pello Añorga idazleak emango du, eta bi saio izango ditu: urriaren 19an eta 26an, larunbatak, 10:00etatik 12:00etara, udaletxeko batzar aretoan.
Etxean «elkar entzuteko gunea» sortzea da ikastaroaren helburu bat. 0 eta 6 urteko haurrak dituzten gurasoentzat eta hezitzaileentzat pentsatuta dago. Haur literatura erabiltzeko ohitura finkoak nola sortu, irakurketan zentratzeko estrategiak edo elkar entzuteko «unea eta gunea» nola izendatu esplikatuko du Añorgak. Baliabideen berri ere emango du, Bularretik mintzora webgunea, testuinguru desberdinetan erabil litezkeen sehaska kanta, hitz jolas, ikusi-makusi, poema eta bestelako liburuen tituluak jakinaraziz.
Etxean egunero ohitura izatea
Ikastaroarekin, partaideek etxean haurrekin aritzeko irakurketa gunea sortzeko ildoak eman nahi dituzte. «Irakurketa, kontaketa eta elkarrizketa gune bat, egunero gozamenerako izango dena. Ohera joan aurreko ipuinak, parkekoak, autokoak, bainukoak… ipuinak, jolasak eta kantuak ikasteko aukera izango da», dio esku-programak. Egunero, haurrarekin batera zerbait irakurteko ohitura sustatzea da beste egiteko bat.
Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa da. Izena emandako jende kopuruaren arabera, gutxitu liteke. Herri Antzokiaren postara idatzita (herriantzokia@gmail.com), udaletxera hots eginda (943 18 00 11) edo hara joanda eman behar da izena. Izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa eman behar dira. Biharkoa da azkeneko eguna.













