Iturgaitzagatik herrirako sarrera astelehenean zabalduko dute Lazkaon
Lazkaoko Udalak zirkulazioan hainbat aldaketa egingo ditu, astelehenean. Lazkaomendiko bidegurutzea erabat desagertuko da, eta herrigunera sartzeko edo handik irteteko bidexka moztu egingo dute, Iturgaitzaga eta mojen komentuko baratzearen arteko kalean. Horren ordez, biribilgune berriko bide-adarra zabalduko dute.
Lazkaomendiko eta Lazkaoko herriguneko bidegurutze nagusia biribilgunearekin antolatu dute. Uztailaren bukaeran ireki zuten, berez, biribila zirkulazioarentzat. Lazkaomendira joateko bide-adarra ere ordundik dago erabilgarri, Iturgaitzaga etxe eraitsiaren parekoa itxiz geroz.
Biribilgunea bi belar metarekin apaindu dute, bestetik.
Biribiletik Hiribarren kalera zehar bidea ere eraiki zuten. Baina, hainbat arazo tarteko —berriz asfaltatu behar izan dute, aste honetan—, orain arte itxita egon da. Astelehenean irekiko dute, eta hortik barrena sartu edo irten ahalko da herrigunera.
Plaza pareko kalea, itxita
Herrigunearen barruan ere beste zirkulazio aldaketa bat indarrean jarriko du udalak, astelehenean. Plaza pareko Elosegi kalea behin betiko itxi egingo dute, autoentzat. Udaletxe paretik Santander banketxera arteko zatia oinezkoentzat soilik izango da, beti. Asteburuetan, Jose Lasa kaleko bidegurutzeraino itxiko dute.













