PSE-EE kezkatuta dago udalak herrian «gutxi» inbertitu duelako
Legazpiko PSE-EE alderdia Bilduren udal gobernuak herrian «inbertsio gutxi» egin dituela eta, kezkatuta dago prentsa ohar bitartez adierazi duenaren arabera. Orain arte egindako lanak «albiste ona baino gehiago alarmarako arrazoiak» dira sozialisten iritziz, «urte guztian zehar egin diren lan eskasen» adierazle direlako.
Kontsejutik udal aldizkariaren azken alean Bilduko udal gobernuak udan egindako zenbait lanen zerrenda argitaratu du, «ia 400.000 euroko kostua» izan dutenak. Zerrenda horretan «tranparen bat edo beste» dagoela uste dute sozialistek «aurreikusita zeuden zenbait lan oraindik hasi gabe» daudelako. Laubideko eskaileren berritze lanak edo San Martin auzoko 7 eta 13 atarien artean egin beharreko hobekuntzak jarri dituzte horren adibide.
Aurreikuspenak betetzeke
2013 urtea aurrera doala eta «bide publikoa hobetzeko urte honetarako aurreikusita zeuden azpiegitura lanen %40 baino» ez direla egin salatu dute. Bilduk «lan gehiegi utzi ditu udazkenerako» horien artean Nafarroa kalea 471.000 euroko aurrekontuarekin oinezko egiteko lanak. Lan hauek Gipuzkoako Urak enpresak eramango ditu aurrera eta «sarri lau haizetara iragarri diren arren oraindik ez da harri bakar bat ere mugitu».
Orain urte bete lehentasuna eman zitzaien eta 330.000 eurotan baloratu ziren berrikuntza lanak oraindik ez dutela hasierako datarik salatu dute. «Santikutz kaleko aldapa hobetzekoak, Aizkorri kaleko espaloia berritzekoak edo Urtatzan 40 eta 51 atarien artean espaloi berri bat egitekoak» jarri dituzte adibide gisa. Era berean ez dute ulertzen zergatik ez den eguraldi ona aprobetxatu «herriko zenbait puntutan dauden asfaltatze arazoak konpontzeko», horretarako 60.000 euro bideratuta daudenean.
Herritarrekin parte hartze prozesuak antolatzeak ez du zentzurik sozialisten ustez, «gero agindutakoa ez betetzeko». Amaitzeko, udalak prozesu hauek ezin dituela «bere burua zuritzeko erabili» esan dute.













