
Goierri garaiko udaletako euskara zerbitzuek eta Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo eta Legazpiko Zingi Zango euskara elkarteek antolatuta, martxan da beste urte batez bailarako merkatari eta tabernarien artean euskara sustatzeko kanpaina. Anuntxi Andueza Legazpiko udaleko hizkuntza normalizatzaileak esan duenez, «bosgarren urtea» izango da aurtengoa. Lehiaketa atzotik dago martxan eta azaroaren 24ra arte luzatuko da. Aurten aukeratutako leloa «dendetan euskara + BEZa, balio erantsiaren zirrara» izan da.
Denboran atzera eginda, Anduezak azaldu duenez, euskara zerbitzuetan merkataritzaren gaia lantzen hasi zirenean «merkatariak izan ziren lehenengo helburua» eta hortik sortu zen lehiaketa bat egiteko ideia. Lehiaketa lehenengo bi urtetan «euskararen alde egindako lanagatik, merkatariak saritzeko baliatu zen». Hirugarren urtean tabernariak ere batu ziren egitasmora eta «bideo esketxak egitea izan zen lehiaketaren helburua».
Sariak hiru herritan
Iaz lehiaketaren egiturari beste buelta eman zioten eta galderetan oinarritu zuten lehiaketa, «hala merkatariak eta dendariak lasai utzi ditugu». Aurten ere horixe izango da lehiaketaren oinarria «bost galdera prestatu ditugu, guztiak bailararekin zerikusia dutenak, hiztegi kontuak, toponimia eta bertako ezagutza neurtzeko galderaren bat», besteak beste.
Bost galderak zuzen erantzun dituztenen artean «lehiaketan parte hartu duten dendetan gastatzeko 100 euroko bale bana zozketatuko da Urretxun, Zumarragan eta Legazpin». Parte hartzaile guztien artean «50 euroko beste bi bale zozketatuko dira, berriz, herri bakoitzean».
Parte hartze zabala aurten ere
Guztira 71 denda eta tabernak hartuko dute parte. Legazpin 28 izango dira, Urretxun 23 eta Zumarragan 20. Lehiaketan zingizango.com edo otamotz.com web guneen bitartez hartu daiteke parte. Dendetan eta tabernetan ere eskuragarri daude galderak erantzuteko txartelak. Hiru herrien kasuan kultur etxeetan eta udaletxeetan dauden kutxetan utzi beharko dira papertxoak. Amaitzeko, sari banaketa abenduaren 3an egingo da Zelai Ariztin, 13:30ean hasita.