
Larunbat arratsaldean Gernika-Lumon jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoak eta bertan abestu zuen Nerea Elustondo legazpiarrak. Amets Arzallusek lortu zuen puntuaziorik altuena 717 punturekin, eta haren atzetik gelditu ziren Jokin Uranga 657,5 punturekin, Jone Uria 653 punturekin, Jon Martin 640,5 punturekin, Julio Soto 639,5 punturekin eta 633,5 puntu lortu zituen Nerea Elustondok.
Puntuaketa baxuena lortu bazuen ere, Felix Irazustabarrenak saioa amaitu orduko bertsoa.com atarian azaldu zuenez “ideietan, freskotasunean, dialektikan… gehien eskaini” zuena izan zen legazpiarra, nahiz eta agian “teknikoki besteen mailan ez egon”.
Elustondo bera ere “oso pozik” agertu zen saioa amaitu ostean egin zioten elkarrizketan.”Nahiko eroso aritu naiz”. “Kartzelakoa teknikoki agian ez zegoen hain pulituta, baina, bigarren bertsoa bota dudanean emakume heldu buru-zuri bat hunkituta ikusi dut, txalo batean, eta sekulako sentsazioa izan da. Horregatik bakarrik merezi zuen gai hau hartzea”, zioen pozik. “Esan nahi nuena esan dut momentu askotan”, zioen. “Gaur oso gustura atera naiz eta jendearengana ere iritsi naizela uste dut”.