Ohorezko mailako sailkapeneko bigarren postua berreskuratu du Ampo Ordiziak atzo Baldiri Aleu zelaian UES Santboianari 13 eta 17 irabazi ondoren. Garaipenarekin, etxetik kanpora jokatu dituen partida guztiak irabazten jarraitzen dute ordiziarrek.
Norgehiagoka parekatua izan zen atzokoa. Lehen zatian ezin izan zuten entsegurik lortu ez batak eta ez besteak; kataluniarrek bi zigor golpeei esker lortu zuten markagailua aldatzea. Lehen zigor golpea partida hasi orduko lortu zuten eta bigarrena, atsedenaldira joateko bi minutu falta zirenean.

Irudian, iazko denboraldian Ampo Ordizia eta Santboianaren arteko partida, Altamiran.
Bigarren zatia, aldiz, Ampo Ordiziarena izan zen, santboiarrak euren zelaian sartzea lortu eta nagusitasun horren poderioz, Corey Simpsonek entsegua lortu zuen 50. minutuan, Axier Kortak 61.ean eta Jaun Perezek 72.ean. Goierritarrek erasoko bonusa lortzeko behar zuten laugarren entseguaren bila joan ziren, baina, etxekoek une hori aprobetxatu zuten euren entsegua lortzeko partida amaieran. Denbora gutxi falta zen, baina nahikoa, Ampoko jokalariak urduri jartzeko, beste akats batek garaipena eramango baitzuen. Ez zen horrela izan eta garaipena goierrira ekarri dute Ampo Ordiziakoek; defentsako bonusa Sant Boien geratu da.