
Batzuk triparen plazerrerako, besteak bistarako, baina bakoitzak bere jarraitzaileak ditu. Izan ere, udaberri garaiko zizak eta loreak izan ohi dira, bakoitza bere arloan, ederrenak eta preziatuenak. Aierbek bildutako udaberriko zizek (200 gr.) prezioari eusten diote, eta kiloa 160 euroan da salgai. «Nik arkume bat nahiago prezio horretan, otordu ederra genuke» edota «hara ze mokadu ederra»… denetik entzuten da Lasaren postuaren inguruan.
Udaberriari kolorea ematen dioten edergailu freskoenak, ordea, loreak izaten dira. Deigarri bezain tentagarri zituzten Montesenekoek eta Juli Aierbek beraien postuetan, eta ez garesti, gainera. Lehendabiziko kalak, seiko sorta 2 euroan zen salgai, eta narzisoak, dozena 2 euroan.
Baratzeetan ere badatoz poliki-poliki aire libreko barazki berriak, hala, gero eta letxuga gehiago ikusten da, grelo berriak ere bai, eta lehen tipulin txikiak ere salgai ikusi ditugu. Joan zen astean nobedade izan ziren ilarrak ere baziren, kiloa 12 eta 14 euro artean. Azarola eta aza bikainak ere badaude, porrua, zerba, borraja,… aukeran.
Saltzaileen elkartea

Feriaz feriako salmenta da merkatu honetako saltzaile askoren lanbidea. Eta astero Ordizian ikusten ditugun asko, Gipuzkoako Saltzaileen Elkarteko kide dira. Jose Mari Mañueko dugu horietako bat; Goen plazan kokatu ohi da eta txarkuteria eta gazta salgai ditu. Bere hitzetan, «20 urte gutxienez baditu elkarte honek. Edozein herritan sortu ohi diren eguneroko gorabeherak bideratzeko helburuarekin, udaletxeekiko harremanez arduratzen da bereziki. Tasa igoerak eta ordaintzeko moduak edo ohiko kokagunean berritze lanak egin behar direnean nola antolatu, jai egunen inguruko erabakiak… horrelakoen kudeakaren inguruko erabakiak taldean egiteko sortu zen eta hortan dihardugu». Salmenta lanaz gain, askotan ikusten ez den azpiko lanik ere izan badela ofizio honetan ere.