Poltsa konpostagarriak jasotzeko makina erabilgarri dago jada gizarte zentroan
Hondakin organikoa jasotzeko poltsa konpostagarriak banatuko dituen makina iritsi da Legazpira ere. Gizarte zentroko sarreran kokatu dute, eta dagoeneko erabilgarri dago. Makina erabili ahal izateko txartelak aste honetan bertan banatuko dituzte Legazpiko bizilagun guztien artean. Gaur makinaren funtzionamendua argitzeko agerraldia egin dute goizean Enrike Enparatza, Sasieta Mankomunitateko teknikariak eta Igor Urrate, Legazpiko Udaleko Ingurumen zinegotziak.
Makina gizarte zentroko sarreran jartzea erabaki da, Urratek esan duenez, «herriaren erdian dagoelako, kultur etxearen parean eta osasun zentrotik gertu». Poltsa jaso nahi dituzten herritarrentzako ahalik eta modu erosoena bilatu dute. Gizarte zentroak ordutegi zabala ere badauka, «astelehenetik ostiralera 9:00etatik 21:00etara dago irekita eta asteburuetan 17:00etatik 20:00etara», argitu du Urratek.
Organikoarentzako bakarrik
Sasietako teknikariak, bere aldetik, makinaren funtzionamendua azaldu du. Argitu duenez, «aste honetan bertan banatuko dituzte txartelak Legazpiko bizilagun guztien postontzietan». Behin txartela eskuan, makinara joan eta puntu laranja jartzen duen lekura gerturatu behar da «ez dago txartela inon sartu beharrik, makinak ezagutuko du».
Txartelarekin aldiko poltsa sorta bakarra hartu ahal izango da, «sorta bakoitzak 40 bat poltsa ditu eta hiru lau hilabeterako nahikoa direla kalkulatuta dago». Txartelak hamar astean behin emango du sorta bat, «makinako pantailan agertuko zaio erabiltzaileari hurrengo balizko data noiz izango den».
Poltsa sorta berri bat aipatutako data baino lehen behar izanez gero, Sasietara deitu daiteke eskera berri bat egiteko. Bestalde, Enparatzak argitu duenez, «poltsako doan eskuratu ahal izango dira», bai makinan bertan, baita Sasietara deituta ere. Amaitzeko, poltsa hauek «organikoa jasotzeko bakarrik» erabili behar direla ohartarazi du Enparatzak, izan ere, «patataz edo arto fedulaz eginda» daude, eta gainontzeko hondakinekin nahastuz gero arazoak ematen ditu birziklatzerako orduan.