Titulurako lehia jokatzeko txartela lortu du Ampo Ordiziak
Lortu du Ampo Ordiziak bere helburua. Taldea azken unera arte zalantzan egon bada ere, play offetarako sailkapena lortu du. Eguerdian jokatu zen Altamiran Ampo Ordizia eta Bathco Rugbyren arteko norgehiagoka, denboraldiko liga erregularreko azkena. Garaipena eskuratzearekin play offerako txartela eskuetan izango zuten goierritarrek; galduz gero, UES Santboianaren porrota derrigorrezko izango zuten. Bi baldintzak bete ziren, Ampo Ordiziak 24 eta 18 irabazi baitzuen kantabriarren aurka. Hermi El Salvadorrek, berriz, garaipena lortu zuen Santboianaren etxean.
Ordiziako jokalariak, besteen zain egon gabe, garaipenaren bila irten ziren zelaira; atsedenaldirako erasoko bonusa lortuta zuten. Santandergo taldeak sailkapena ziurtatuta zuen eta presiorik gabeko partida zuen, hala ere, gogor ekin zioten norgehiagokari.
Atzokoan Richard Muagututia izan zen taldeko protagonista. Berak erdietsi zituen lehen zatian bertan hiru entsegu; Jamie Chipmanena izan zen laugarrena. Muagututiak txartel horia ere ikusi zuen lehen zatian. Atsedenaldira markagailuan 24 eta 10ekoarekin joan ziren.
Atsedenean zaleak gustura zeuden ikusitako jokoarekin. Urduri ere bai, taldeak denboraldian zehar erakutsi duen irregulartasunagatik. Bigarren zatiak izan dira Amporen gaitzak, atzokoan, ordea, ez zen horrelakorik gertatu eta defentsa ona erakutsita garaipena lortu zuten. Santaderreko taldeak aldaketak egin zituzten garaipena lortu nahiean, baina ordiziarrak fin ibili ziren defentsan eta bigarren zati osoan soilik zortzi puntu jaso zituzten. Azken emaitza 24 eta 18koa izan zen ordiziarrentzat.
Tituluaren bila
Liga txapelketa amaituta, orain play offak jokatzeko garaia iritsi da. Datorren igandean, Madrilgo Complutense Cisnerosen aurka jokatuko du Ampo Ordiziak, aurkariaren zelaian. Garaipena lortuz gero, finalerdietara pasa eta El Salvador izango luke aurkari, maiatzaren 25eko partidan.
Santos Regil eta Phil Huxfordek Vaugan Lomax zelairatzeko aukera izango dute; Corey Simpson zalantzan dago, ordea, atzo golpe handia jaso baitzuen.
Beste final laurdenetako partida Batcho eta Atletico de Madriden artean jokatuko da. Garaileak, Quesos Entrepinares izango du aurki finalaurrekoan. Finala, ekainaren 1ean jokatuko da.














