
Zegamako Xabier Gereñu Brasilgo Rio de Janeiro hirian bizi da 2013ko otsailaren 1etik. Ulma Constructioneko langilea da eta bost urterako Brasila lanera joateko eskaintza egin zion enpresak delineatzaile proiektugileari. «Leku berriak, kultura berriak eta esperientzi berriak bizitzea atsegin dudala gogoan harturik, eta batik bat, inguruko egoera kaxkar eta tristeak bultzaturik, animatu nintzan Brasilgo esperientzia bizitzera», dio Gereñuk.

Zumarragako Arcelor-Mittal multinazionaleko lantegian izandako istripuan zauritutako bi langileak arriskutik kanpo daudela baieztatu dute sindikatuen iturriek. Aurreko ostiralean gertatu zen istripua Zumarragako siderurgia fabrikan. Bi langileak labe bateko elektrodoak igotzen dituen pistoi bat konpontzen ari ziren istripua jazo zenean. Lanean ari zirela pistoia erori zen eta erortzean bidean aurkitu zuen guztia kolpatu zuen. Kolpearen ondorioz mahuka bat apurtu zen eta mahukak berak zauritu zituen bi langileak.

Erditzearekiko begirune berezia izan dute Zumarragako Ospitalean erditze zerbitzua ireki zutenetik. Poliki aldaketak egin dituzte emakumeari, osasun baldintza berezirik ez badago behintzat, harik eta erditzeko dauden aukera gehienak eskaintzeko. 2012ko azaroan erditze gela berriak inauguratu zituzten, eta orduz geroztik aukera horiek biderkatzeaz gain, baliabideak ere gehitu egin dira.




