EH Bildu: «Arcelorren balizko itxierak bailararen hauskortasuna azaldu du»

http://youtu.be/w5CXVOCaykI Goierri garaian oraindik entzun daiteke abuztuaren hondarrean ArcelorMittalen Zumarragako lantegia itxiko zutenaren albisteak utzitako harrabotsa. Albistea zabaldu, eta egun gutxiren buruan itxiera bertan behera geratu zen, langile batzordearen gehiengoak eta enpresa zuzendaritzak itun bat sinatu eta gero.

Goierri garaian oraindik entzun daiteke abuztuaren hondarrean ArcelorMittalen Zumarragako lantegia itxiko zutenaren albisteak utzitako harrabotsa. Albistea zabaldu, eta egun gutxiren buruan itxiera bertan behera geratu zen, langile batzordearen gehiengoak eta enpresa zuzendaritzak itun bat sinatu eta gero.

Orain, EH Bilduko Goierri garaiko ordezkariek agerraldia egin dute balizko itxierari eta bailarako industri garapenari buruz beraien ikuspuntua emateko. Koalizioko kideek kezka bat baino gehiago agertu dute, eta kezka horien iturburua, EH Bilduko kideen hitzetan honakoa da: «ArcelorMittalen balizko itxierak inoiz baino ageriago utzi du multinazionalek beldurrarekin jokatzeko duten gaitasuna, eta, ondorioz, gure bailararen hauskortasuna azaleratu egin da».

Hauskortasuna agerian geratu bada ere, koalizioko kideek atzoko agerraldian poza agertu zuten lehenengo eta behin, «375 langile eta euren familiak, enpresa hornitzaileak, merkatariak eta herritarrak, hasierako lurrikararen ondoren, arnasa hartu dugu, eta hori da lehenbizi azaldu nahi genuena: itxi ez izanaren poza».

Jarraian, EH Bilduko ordezkariek ArcelorMittal multinazionalaren jarrera, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren jarrera eta Goierri garaiko PSE-EE alderdiko ordezkarien jarrera salatu zituzten.

ArcelorMittaleko zuzendaritzaren jokabidea ez da «onargarria» izan koalizio abertzaleko kideentzat, esan zutenez, «herritarren izuarekin eta mehatxuarekin jokatu» baitute. Multinazionalak sindikatu guztiekin, LAB salbu, sinatutako itunean Zumarragako lantegiaren ekoizpena igotzeko konpromisoa hartu zuen lan txandak gehitzearen truke.

EH Bildutik itunaren harira adierazi zuten, enpresaren «iraunkortasunaren eta etorkizunaren aurrean» ez dagoela «inolako bermerik, eta enpresa ixteko mehatxuaren Damoklesen ezpata hor dugu beste behin». Egoera «oso larria» delakoan daude, «multinazionalak nahi duena nahi duen eran lortu duelako, baina okerrena etorkizunerako dituen asmoen berri zehatzik ez dugula da».

1003

Langabetu gehiago. EH Bildu koalizioak emandako datuen arabera, Goierri garaiko lau herrietan 2011ko ekainetik gaur arte egon den langabe kopuruaren hazkundea.

Arantza Tapiaren jokabidea  multinazionalarena bezain «salagarria» iruditu zaie EH Bilduko kideei: «Tapiak enpresaren balizko itxieraren berri apiriletik baldin bazuen, zergatik ez zen elkartu eskualdeko erakundeekin informazioa partekatu eta irtenbideak bilatzeko? Arrazoiak milaka izan daitezke, guri egoeraren larritasunaren gaineko interes falta datorkigu burura».

Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko PSE-EEko ordezkarien jokabidea ere auzitan jarri zuten agerraldian, «elkarlanean, gardentasunez eta bailara ikuspegiaz aritu ordez, enpresaren bozeramaile egiteaz gain, salbatzaile rola hartu nahi izan du eta afera Zumarragan soilik kokatu».

PSE-EEko hautesleei galdera bat baino gehiago egin zizkieten, esate baterako: «Zergatik ez zuen ArcelorMittalekin erakutsi duen kemena Zumarragako gerontologiko langileen lan-baldintzak defendatzeko erakutsi?». Sozialistei «porlan gutxiago eta pertsonengan inbertitzen duten politika gehiago» eskatu zizkieten.

Aireari buruz
Goierri garaiko herrien airearen kutsaduraz arduratzen jarraituko dutela agindu zuten EH Bilduko kideek: «Inork uste badu multinazionalaren mehatxu hauengatik legez kanpo jarduteko baimena izango duela oker dago, gu hor izango gara hori guztia salatzeko».

Koalizioak alkatetza du Goierri garaiko lau herritatik hirutan, eta euren «betebeharra eta erantzukizuna» ez dutela ezkutatu nahi esan zuten: «Balio erantsi gutxiko ehun industriala dugu eta dibertsifikazio txikia. Horrenbestez, egitura ekonomikoa eraldatu beharrean gaude». Eraldaketa hori bi ildotatik gauzatu daitekeela uste dute: langileen lan baldintza duinak defendatuz , prestakuntza sustatuz eta balio erantsi handiko enpresak lortuz. Finean, «ekonomia pertsonen zerbitzura jartzea» dute helburu.

Ildo horretan, Uggasa garapen agentzian eta Ugle eskolan egiten ari diren lana nabarmendu zituzten atzo EH Bilduko kideek, eta hainbat programa aipatu zituzten, besteak beste: ortoprotesi arloko formazio zikloa, Hazten ikasi, Sortzen sarea eta Bertatik Bertara.

The post EH Bildu: «Arcelorren balizko itxierak bailararen hauskortasuna azaldu du» appeared first on Otamotz.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa