Iparragirre kaleko bizilagunen bazkarian 200 lagun baino gehiago elkartuko dira
Urretxuko Iparragirre kalekoek bazkaria egin behar dute larunbatean, eta jada 200 lagunek baino gehiagok eman du izena. Bertakoek euren kalean metro koadroko inon baino txistulari gehiago daudela esaten dute eta, hala, txistularien kalejirarekin hasiko da festa. 12:30ean hildako auzokideen aldeko meza egongo da parrokian. Ondoren, txistu-poteoa egingo dute. Bazkaria 14:30ean izango da.
Urretxuko Iparragirre kalekoek bazkaria egin behar dute larunbatean, eta jada 200 lagunek baino gehiagok eman du izena.
Bertakoek euren kalean metro koadroko inon baino txistulari gehiago daudela esaten dute eta, hala, txistularien kalejirarekin hasiko da festa. 12:30ean hildako auzokideen aldeko meza egongo da parrokian. Ondoren, txistu-poteoa egingo dute. Bazkaria 14:30ean izango da. Eguraldi onarekin, Iparragirre plazan egingo dute, eta txarrarekin, berriz, kaleko arkupeetan. Bazkalostean, musika egongo da.
Antolatzaileek zapi bat emango diete parte hartzaileei, ekitaldia koloretsua izatea nahi baitute. Gainera, oroigarri bat jasoko dute. Bestalde, iparraguirrekalea@yahoo.com helbidean kaleko argazki zaharrak biltzen ari dira. Ondoren, webgune batean jarriko dituzte.
Egitasmo honek harrera bikaina izan du. Ez da harritzekoa, Iparragirre kalea (lehen Beheko Kale) Urretxuko kalerik urretxuarrenetako bat baita: Udaletxea eta parrokia bertan daude eta Joxe Mari Iparragirre bertan jaio zen. Gainera, Jauregi kalearekin batera (lehen Goiko Kale), herriko kale zaharrena da.
Bazkaria auzokide talde batek antolatu du eta oso gustura daude jasotako erantzunarekin: «Ikusmin handia piztu du, batez ere adineko jendearen artean. Gaur egun Urretxutik kanpo bizi den jendea ere etorri behar da. Jendearen artean ilusioa piztu duela ikusteak asko pozten gaitu», aipatu du Javier Aguadok.
Dena ondo lotuta dutela dio. «Eguraldi txarra egiten badu, Gazte Bideanetik optikara jarriko ditugu mahaiak eta arkupeak toldoekin estaliko ditugu jendeak hotzik pasa ez dezan. Udaletxeko sarrera ere eskatu dugu, badaezpada ere. Bazkaria pilotalekuan egin genezakeen, baina Iparragirre kalean bertan egin nahi dugu. Gainera, garai batean dena kalean egiten genuen».
Kale garrantzitsua
Kale hau Urretxuko garrantzitsuena zela dio. «Iparragirre kaletik harago ez zegoen ezer. Baratzak besterik ez. Gainera, kostaldera zihoazen auto guztiak hemendik pasatzen zirenez, denda gehienak hemen zeuden. Iparragirre kalea eta aldapa ziren Urretxuko erdigunea».
Aguadok Boni, Txistu eta Alcanadre tabernak, Iparragirre elkartea, upeltegia, plazan jartzen zuten zezen plaza, Boniren janari-denda, bidegurutzean jartzen ziren arrain-saltzaileak, prozesioak… gogoratu ditu.
Baita Elizalden Jauregi kalekoekin egiten zituzten borrokak ere. «Iparragirre eta Jauregi Urretxuko kale zaharrenak dira. Jauregikoak duela hamarkada batzuk elkartu ziren eta orain guri tokatzen zaigu».
The post Iparragirre kaleko bizilagunen bazkarian 200 lagun baino gehiago elkartuko dira appeared first on Otamotz.













