Idiazabalen eta Lazkaon bilketa antolatu dute Martutenera bidaltzeko
Caritasek Martuteneko presoentzako produktuak bilduko ditu egunotan Gipuzkoan. Goierrin, Lazkaon eta Idiazabalen izango dira bilketak. Lazkaon atzo hasi ziren, baina gaur eta bihar ere izango da produktuak eramateko aukera. Parroki etxean ari dira bilk...
Antolatzaileek zerrenda bat prestatu dute presoek gehien behar dituzten produktuekin : artilezko txanoak, gizonezko zein emakumezkoentzako barruko arropa berria, bainuko oinetakoak, kirol oinetakoak, galtzerdiak eta azazkalak moztekoa. Dena den, produktu horiez gain, tabako gorria, su pizgailuak, turroi biguna, gutun azalak eta zigiluak ere jasoko dituzte egunotako bilketetan.
Asteburuan herri ezberdinetan bildutako produktuak Ordiziara eramango dituzte astelehenean, eta bertan sailkatuko dituzte. Caritaseko kide bat arduratuko da gero produktuak presoen artean banatzeaz, igandero Martuteneko espetxera egiten duen bisitan.
Presoengako elkartasuna
Caritasek urtero egiten du bilketa Martuteneko presoentzat. «Jende askok ekartzen dizkigu produktuak, bakoitzak ahal duen neurrian», adierazi du Gregorio Elorzak. «Preso asko oso bakarrik sentitzen dira, eta guri huskeria bat iruditzen zaizkigun gauzek balio handia dute haientzat». Hori dela eta, Caritasek eskerrak eman ditu aldez aurretik, Martuteneko presoez gogoratzeagatik.
Caritasen neguko bigarren bilketa da oraingo hau. Abenduaren hasieran Lazkaoko familia behartsuenentzako janari eta garbitasun produktuen bilketa egin zuten, Orobione elkartearekin batera.













