Emely Noemy Valladares Urolako jokalaria Ohorezko Erregional Mailako goleatzaile nagusia izan da
27 gol sartu ditu 30 partidatan.
Emely Noemy Valladares Castillo Urolako jokalaria Ohorezko Erregional Mailako goleatzaile nagusia izan da. 27 gol sartu ditu 30 partidatan. Azken jardunaldira Elgoibar taldeko Aroa Cernada Lopezekin berdinduta iritsi zen eta berdinketa txikitu zuen: bost gol sartu zituen.
Valladares 2003an jaio zen, Hondurasko Langue herrian. 12 urterekin Euskal Herrira etorri zen. “2015ean etorri nintzen. Nire gurasoak bizitza hobe baten bila etorri ziren eta, egonkortu zirenean, ahizpa eta biok ekarri gintuzten. Nire ahizpak 18 urte ditu”.
Ez zitzaion asko kostatu hemengo bizimodura moldatzea. “Beldur pixka batekin etorri nintzen, lagunak eta senitartekoak han utzi bainituen. Baina nahiko azkar egokitu nintzen. Gehien kosta zitzaidana euskara ikastea izan zen, baina lortu nuen. Ondo ulertzen dut, baina hitz egitea kosta egiten zait”.
Urretxu-Zumarraga ikastolan eta Andoainen ikasi ondoren, administrazio eta finantza ikasketak egin ditu. Laboral Kutxan lan egiten du, Arrasaten. “Oso gustura nago. Gainera, ordutegi ona dut eta Urolako entrenamenduetara etor naiteke”.
Izan ere, futbola bere zaletasun nagusia da. “Betidanik gustatzen zait. Hondurasen bi futbol zelai nituen etxetik gertu. Eta ikastolan mutilekin jokatzen zuen bakarretakoa nintzen. Hona heldu nintzenean, aitak Urolan jokatzea proposatu zidan. Baietz esan nion, noski. Hala, heldu eta berehala Urolan izena eman nuen. Denboraldi amaiera zen eta hurrengo denboraldian hasi nintzen, haur mailan”.
Oso gustura dago Urolan. “Taldekideekin, entrenatzaileekin… oso gustura nago”. Hala, Hirugarren Mailan jokatzen duen Tolosa taldean jokatzeari uko egin zion. “Urolan oso giro ona dugu. Taldekideekin eta entrenatzaileekin oso harreman ona dut eta horrek hemen gelditzera bultzatu ninduen. Gainera, taldeari ekarpena egin diezaiokedala sentitzen dut”.
Izan ere, beteranoen artean dago jada. “Beteranoenak Lorea, Mirene, Maddi Mendia, Malen, Leire eta ni gara”. Zazpi denboraldi daramatza dagoeneko lehen taldean, baina azken hau izan da onena. Marka guztiak hautsi ditu. Lehenengoz, Ohorezko Erregional Mailako goleatzaile nagusia izan da. “Nire helburua aurreko denboraldian baino gol gehiago sartzea zen. Gol asko sartzen ari nintzen eta mailako goleatzaile nagusia izan nintekeela ikusi nuen. Taldekideek eta entrenatzaileek helburua lor nezakeela sinestarazi zidaten. Ez da nire lorpena izan, taldearena baizik. Guztion lanari esker lortu dugu”.
Beti gol asko sartu ditu, baina aurten inoiz baino gehiago. “Ez dakit zer gertatu den. Urtetik urtera esperientzia eta konfiantza gehiago dut. Hori oso garrantzitsua da”. Azken partidan bost gol sartu zituen. “Dena sartu nuen, baina ez nuen ospatu nahi izan Pitxitxia izan nintzela ziurtatu arte”.
Beti aurrelaria izan da, batzuetan hegalekoa izan da eta besteetan erdiko aurrelaria. “Azkarra naiz eta hori lagungarria da. Baina oraindik badut zer hobetu. Punteria hobetu beharra dut. Futbolean jarraitzeko asmoa dut, Urolan. Futbola eta Urola oso garrantzitsuak dira niretzat. Futbolak deskonektatzeko eta ondo pasatzeko balio dit eta, gainera, lagun asko egin ditut futbolari esker”.














