Bost orduko osoko bilkura baten kronika
Luze jo zuen atzoko osoko bilkurak, arratsaldeko zazpietan hasi eta hamabiak jo baino minutu batzuk lehenago eman zuten amaitutzat. 2015eko Zumarragako udal aurrekontuak eraman zituen udal gobernuak; aurretik, halere, bestelako
The post Bost orduko osoko bilkura baten kronika appeared first on Otamotz.
- Alderdi bakoitzaren diskurtsoaren zertzelada bat
- PSE-EE. Fernando Fariñas sozialistak bere taldearen helburua hirigintza lanak egiteaz gain, hauteskundeen ondoren datozenei udala kudeatzeko ahalmena uztea izan dela esan zuen, “nondik gatozen, non gauden eta nora goazen zehazteko lanabesa dira aurrekontuak. Zumarragak hobera egin du”. Ondoren, Mikel Serranok hitza hartu zuen agintaldiko azken aurrekontuei buruz aritzeko. Lehenengo eta behin, aurrekontuek behera eginda ere, “zumarragarrek ez dute zerbitzuetan nabarituko”, esan zuen. Austeritatea, zorroztasuna, efizientzia eta eraginkortasuna aipatu zituen alkateak. “Gure lehentasuna gutxien daukatenak dira” esanez defendatu zuen gizarte zerbitzuetako aurrekontuen igoera. Eta, bide batez, 2015erako erronka nabarmenenak zerrendatu zituen: Argixaoko bigarren zelaia, Euskal Herriko Itzuliko etapak, Europako Field Targeteko txapelketa uztailean, auzoen hobekuntza globala… 2015erako 1.200.000 euroko diru laguntzak lortu izanari garrantzia eman zion eta Antioko Interpretazio Zentroan aurreikusitako gastua 10.000 eurokoa dela ere esanda utzi zuen, “garai batean zenbaitzuk aurreikusten zituzten 300.000 eurotik oso urrun dago”.
- PP. Begoña Pereirak aurrekontuak osatzeko “oso gogor” lan egin dutela adierazi zuen eta berdintasun sailean egindako lana ere defendatu zuen.
- EAJ. Iñigo Peñagarikanok aurrekontuekiko jarrera “kritiko samarra” dutela agertu zuen hasteko eta behin. Akordioetara iristea zaila dela gehitu, eta aurrekontuak kudeatzeko modua auzitan jarri zuen. Jarraian, jeltzaleek egindako proposamenak aletu zituen. Bereziki aipatu zuen herri autobusaren gaia. Urtetan EAJk proposatu duen gaia izanda, “inolako azterketarik gabe urtarrilean martxan jarriko dutela esan digute. Ez gatoz planteamenduarekin bat, pozten gara martxan jarriko duzuelako baina geratu eta gogoeta egin behar dela uste dugu”. Peñagarikanok Eusko Jaurlaritzarekin adostutako inbertsioekin ados dagoela gaineratu zuen, eta desadostasun bakarra Zumarragako Ospitaleko aparkaleku berriarekin agertu zuen. Hain zuzen, imajinazio falta egotzi zion udal gobernuari, izan ere Anjel Kruz Jaka eta Linazasoro kaleetan aparkalekuak egon badaudela adierazi zuen, eta horiei etekin gehiago ateratzearen aldeko agertu zen.
- BILDU. Xabier Barriola bozeramaileak koalizioak egindako 36 proposamenak ez zituela aletuko aurreratu zuen. Aurrekontuetan elkarrekin lan egin dutela esanda ere, azkenean oposizioaren proposamenak ez dituztela aintzat hartzen esan zien sozialistei, “ez dago inolako borondaterik oposizioarekin lan egiteko”. Besteak beste, Barriola pozik agertu zen aurrekontuak Foru Funtsarekin bat etorri izanagatik “hasieratik gure taldeak egin duen eskaera da”. Gizarte lankidetzari ere erreparatu zion eta gaur-gaurkoz Zumarragako Udalak %0,44 eskaintzen diola adierazi zuen, “helburua %0,7 bazen ere”. Hirigintzaren eremuan Kalebarren aipatu zuen eta Zumarraga zabaltzen ari bada ere, herrigunean bertan dagoen auzoaren gaia alboratuta izatea egotzi zion udal gobernuari. Mugikortasun Plana eta Zirkulazio Plana ere hizpide izan zituen, eta Urretxurekin batera egin beharreko elkarlana faltan sumatzen duela adierazi zuen Barriolak, besteak beste. Nekazaritza alorrean bere aspaldiko eskaera aurrekontuen barruan ikusi izanagatik pozik agertu zen, hain zuzen, Zumarragako nekazari bideen inbentarioa egiteko diru saila gorde du udal gobernuak. Ingurugiroaz ere zer esana izan zuen, arlo horretako diru saila %40 jaitsi izana salatu zuen eta erakunde guztiei gai honetan gutxiegi egiten ari direla esan zien; bide batez, Agenda 21ak aurrekontuetan presentzia eskasa duela eta gai honetan gehiegi inprobisatzen dela agertu zuen.