Olaberrian astean behin bakarrik jasoko dute errefusa, bilketa berrian
Martxoaren 3an hasiko da eredu berria. Birzikla litezkeen gaientzat lau edukiontziek segiko dute. Asteazkenetan atera ahalko da soberakina, txartelekin ontzi gris bat irekizOlaberriko Udalak hondakin bilketa sistema aldatzea erabaki du. Udalbatzako hir...
Martxoaren 3an hasiko da eredu berria. Birzikla litezkeen gaientzat lau edukiontziek segiko dute. Asteazkenetan atera ahalko da soberakina, txartelekin ontzi gris bat irekiz
Olaberriko Udalak hondakin bilketa sistema aldatzea erabaki du. Udalbatzako hiru taldeek aho batez onartu dute, birziklatze tasa handitze aldera. Martxoaren 3an hasiko da modu berria. Aldaketa bat bakarra izango du gaur egundik: birzikla ezin den errefusa astean behin bakarrik bilduko du Sasietak, asteazkenetan. Gainera, herritarrek txartel magnetiko batekin ireki ahalko dute soilik ontzia.Lau gai birziklagarri ohikoentzat oraingo edukiontziak kalean mantenduko dituzte. Zabor arruntaren berdea kendu egingo dute, eta horren ordez neurriz erdia den kolore griseko beste edukiontzi bat ipiniko dute. Aho txikiagoa izango du, nahi beste hondakin ez botatzeko (asteko errefusa soilik). Txartelarekin zabaldu ahalko da soilik.
Horrez gain, pixoihalak eta pardelak botatzeko beste ontzi berezi bat jarriko dute bilketa guneetan. Horren beharra dutenek jakinarazi egin beharko dute, eta txartel magnetikoa hori ere irekitzeko moduan doituko diote.
Alderdi denen adostasunez
Errefusa egun bakarrean bilduta, gaikako materiala ahalik eta gehien bereiztea lortu nahi du udalak, «birziklaezina ahalik eta gutxiena eginez. Beste gaiak orain arteko edukiontzietan bilduko dira, horrek duen erosotasuna errespetatuz», azaldu du Jokin Garmendia alkateak.
Olaberrian duela urte erdi bat erabaki zuten sistema berrira aldatzea, baita xehetasunak ere. Udal gobernuko OEO Olaberriarekin eta Olaberritarrak taldeak, Bilduk eta OHE Olaberriko Herri Elkarteak babestu dute sistema. «Birziklapen maila igotzeko eredu baliagarria izan liteke, eta udalari babes osoa emango diogu hala izateko», esan du Bilduren bozeramaile Iñigo Sarasola zinegotziak.
Olaberriko sistema bera Zegaman jarri zuten, abenduaren 8an. Han %70eko bereizte tasara iritsi dira hilabetean: errefusa erdia biltzen da, organikoa bikoiztu da, eta ontzi arinak %40 gehiago; papera eta beira, mantendu egin dira. Emaitza «oso ona» da. «Astean lau aldiz biltzetik behin jasotzera igaro gara», Sasietako zerbitzuburu Iñaki Erauskinek esan duenez.
Olaberrian «helburu finkorik» jarri ez badute ere, Sasietaren helburua zabortegira «ahalik eta hondakin gutxiena» joatea da. «Europatik datozen arauak bete beharra daukagu, baita Gipuzkoan bertan dauzkagunak ere».
Helburua %70-80ra iristea
Epe laburrean %70 edo 80ra igo nahi dute Olaberriko birziklatze tasa. Iaz, urte osokoa, %49koa izan zen. «Abiapuntua ez da txarra, ondo gaude momentu honetan, baina hobetu nahi dugu», gaineratu du Erauskinek.
Errefusaren ontzia itxita eta txartelarekin izanda, gaikako bilketako beste edukiontziak erabiltzera «behartzen» du.
Txartel magnetikoa etxe bakoitzeko bat izango da, eta udaletxean hartu beharko da. Poltsa konpostagarriak makinatik hartzeko balio duena ordezkatuko du, hura baliorik gabe utzita.
Merkataritzak eta ostalaritzak tratamendu berezia izango dute. Ontzi gris propioa edukiko dute, eta bertatik jasoko zaie errefusa. Merkataritza gune handiak eta industria aparte daude.
Informazio batzarrak egingo dituzte, urtarrilaren 28an. Arratsaldean Ihurreko ludotekan, eta iluntzean udaletxean.













