Eskakizun maila handiarekin egin du debuta Batala mendi lasterketak
Beroa eta ibilbide azkarra izan dira Lazkaon gaur jokatu den lehenengo mendi karreraren ezaugarriak. Inklusioaren pizgarriarekin, 211 korrikalarik parte hartu dute bi probetan.
Lazkaoko I. Batala Mendi Lasterketak gaur izan du estreinaldia. Hainbat galdegai zeuden proba berriaren inguruan, eta banan-banan denei positiboki erantzun die. Batetik, antolakutza. Bakuntza taldearen ingurutik antolatua, hiru proba garatu dituzte aldi berean: 12 kilometroko esprint distantziako mendi lasterketa, 30 kilometroko traila, eta inklusioaren aldeko aldarrikapena eta gauzapena egikaritu dituen mendi martxa, ibilbide laburrean bertan oinez ibiliz gauzatu dutena eta ia 100 lagunek parte hartu dutena, bakoitzak bere martxan. Bestetik, beroa. Aste guztiko galdaren ondoren, gaur hainbestekoa izan ez arren, korrikarako berotxo zegoen, eta nabaritu dute hori korrikalariek. Artapen zerbitzu zabala jarri dute antolatzaileek. Azkenik, ibilbidea bera. 30 kilometroko luzerarekin, Goierriko Trail Kopako zirkuituko luzeena aurkeztu du Batalak: Lazkaon hasi, Esparru mendia igo, Ataunera jaitsi, eta handik Aralarren barneratu eta Agaotz tontorreraino bigarren malda luzea zuena. Igoeratan adina bide jaitsieratan, 1.350 metroko desnibel positiboarekin, Goierriko eskaintzako bigarren gehienekoa (ez da Zaldibiako mendi lasterketaren 1.950 metro adinakoa).
Zenbaki eta zailtasun horiekin, ikuskizun zena hiru orduren buruan argitu da. Traileko 81 korrikalariak (neskak 7) 08:00etan abiatu dira Lazkaoko plazatik. Ordu erdi geroago ekin diote motzeko 130 partaideek (neskak 48). 24 gradu baziren ordurako. 11:00ak aldera euri zaparrada bat ere egin du, eta beroari hezetasun sentsazioa gehitu dio horrek. Izena emanda zeudenetatik 37 hutsu izan dira: luzean 98tik 81 abiatu dira; motzean, 150etik 130.
Antolakuntzarako konplikazio gehigarria zen ibilbideen bikoiztasuna ere. Ibilbide laburrekoek Lazkaotik Goierri Eskolarantz, handik Oiangu parkera, Lazkemendira eta Amundarain baserriraino, eta Ataungo Troskaetara jaitsita borobildu dute zirkularra. Luzekoak, aldiz, kontrako norantzan, Ataun aldean ibili dira gehien. Amundarain aldeko azken zatian bat egin dute soilik. Beasaingo Ehunmilak taldekoen aholkularitza eta lankidetza teknikoa jaso du Batala lasterketak.
Trail distantzia luzean, Aitor Arotzena donostiarrak irabazi du, Jokin Gijarro zumaiarrarekin azken metroetaraino estu borrokatu ondoren. Lehen goierritarra, eta podiumeko hirugarrena, Egoitz Arrieta urretxuarra izan da. Aurreneko lazkaotarra, berriz, –sari berezia jaso dute Lazkaoko lehendabizikoek– Manex Idiakez izan da. Nesketna, Miren Bastida azpeitiarrak denboraldia garaipenarekin bukatu du. Aiseago menperatu du kariera, Amagoia Iribar oriotar bigarrenari eta Maite Murgia lazkaotar hirugarrenari 17 minutu atera baitizkie.
Proba motzean, Julen Badiola bergararrak irabazi du, Iban Sanjuan zegamarra bigarren eta Iñigo Garde oibartarra hirugarren utzita. Nesketan, Maider Unanue lazkaotarrak ez du bere sorlekuan huts egin, eta ordubete osatzeko segundo baten faltan bukatu du, aurreneko postań. Nora Anton lazkaotar gazteak eta Intza Urrestarazu lazkaotar jatorriko ordiziarrak osatu dute podiuma.
Goierri Kopako 11 lasterketako egutegian 8.a izan da Batala, aurten debutaria eta horrenbeszze lehenbiziko aldiz puntuagarria. Trail distantzian, sailkapen nagusiaren buru mutiletan Egoitz Arrieta (453 puntu) dago, eta bigarren Aitor Arotzena gaurko irabazlea (413). Nesketan, Maite Murgia lazkaotarra lidertza sendotu du hirugarren eginda (445), eta Edurne Arakistain bigarrenarekiko aldea (255) handituta.
Esprint distantzian, mutiletan Bingen Erauskin da lider (545), eta Iban Sanjuan bigarren (482). Nesketan, Nora Anton lazkaotarra dago buru (645), Intza Urrestaratzu nahiko gertu (585) duela.

Julen Badiola bergararra, esprint karrearen irabazlea. / Aimar Maiz

Aitor Arotzena donostiarra, Batala mendi lasterketako trail distantziaren irabazlea. Atzean, metro gutxira, Iban Sanjuan zegamarra. / Aimar Maiz

Maider Unanue lazkaotarra, herrian esprint modalitateko lehen txapelduna. / Aimar Maiz

Miren Bastida azpeitiarra, 30 kilometroko probaren irabazlea, helmugan. / Aimar Maiz












