Fiturren Inaziotar Ibilbidearen aurkezpena egingo dute
Madrileko turismo feriara joango da Mikel Serrano alkatea. Inaziotar Ibilbidearen baitan Antioko baseliza dago. Goierri garaiko turismo eskaintza zabalduko duteFitur turismo feriaren ateak irekiko dituzte bihar Madrilen. Otsailaren 1era bitartean zabal...
Madrileko turismo feriara joango da Mikel Serrano alkatea. Inaziotar Ibilbidearen baitan Antioko baseliza dago. Goierri garaiko turismo eskaintza zabalduko dute
Fitur turismo feriaren ateak irekiko dituzte bihar Madrilen. Otsailaren 1era bitartean zabalik egongo da, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako turismo informazioa bilduko duen standean Inaziotar Ibilbideari bultzada emango diote. Zumarragako Antio baseliza ibilbidearen barruan dago, eta Mikel Serrano alkatea Fiturren izango da ibilbidearen aurkezpenean. Aurkezpena bihar bertan egingo dute.Bihar arratsaldean aurkeztuko dute ibilbidea. Basquetourreko ordezkariekin batera, Urola Erdia, Debagoiena eta Urola Garaiko ordezkariak izango dira, tartean, Serrano. Loiolako Inaziok Azpeititik Manresara (Herrialde Katalanak) egindako ibilbideaz gain, produktu berri hau garatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta hiru bailaron arteko elkarlanari esker osatu duten plan estrategikoa ere aurkeztuko dute.
Antioko baseliza, Loiolako santutegiarekin eta Arantzazuko basilikarekin batera aurkezpen horren muina izango dira. Hiruak mugarri dira erlijioari lotutako turismoan eta hiruekin osatu dituzte Inaziotar Ibilbidea, Inaziotar Lurraldea eta Hiru Tenpluen Ibilbidea. Inaziotar Ibilbidea poliki egonkortzen ari da, gero eta gehiago baitira ibilbidea egiteari ekiten dioten erromesak. Iaz, adibidez, Zumarragatik igaro zen Australiatik iritsitako lagun talde bat; erromesak ziren eta Inaziotar ibilbidea egiten ari ziren.
Bide batez, Goierri garaiko turismo eskaintza osoa eramango dute Fiturrera. Alegia, museoak, ostatuak, tabernak, jatetxeak eta abarren berri ere emango dute Madrilen. Finean, Gipuzkoako barrualdea ezagutzera eman nahi dute.
Kazetari ugari Fiturren
Fiturren 35. ekitaldian 60 herrialdetako 7.368 kazetari elkartuko dira. Kazetariez gain, munduko turismo profesional ugari bilduko dira. Iaz, esaterako, 165 herrialdetako 9.083 enpresen jarduna erakutsiko zuten, 120.231 profesionalek parte hartu zuten eta bisitariak 100.000 izan ziren ia.













