Turismoak gora egin du
Goierri garaiko lau herrietan ia %40 igo da bisitari kopurua 2014an. Zumarragako Antio Interpretazio Zentroaren irekierak eta Legazpiko Burdin Haranak lagundu dute datuen gorakadanGoierri garaira iritsitako bisitari kopurua igo egin da aurreko urtean. ...
Goierri garaiko lau herrietan ia %40 igo da bisitari kopurua 2014an. Zumarragako Antio Interpretazio Zentroaren irekierak eta Legazpiko Burdin Haranak lagundu dute datuen gorakadan
Goierri garaira iritsitako bisitari kopurua igo egin da aurreko urtean. Datu zehatzak eman ditu Urola Garaiko turismo sailak. Hain zuzen, 74.904 bisitari zenbatu dituzte 2014an. Gorakada ia %40 izan da, 2013an 54.686 izan baitziren Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu zein Zumarraganzenbatutako bisitariak.Goierri garaiko museo gehienetan orain bi urteko kopuruei eutsi dieten arren, turismoari bultzada eman dieten guneak Zumarragako Antio Interpretazio Zentroa eta Legazpiko Burdin Harana izan direla diote turismo sailetik. Interpretazio zentroa iaz ireki, eta bertan kokatu zuten bailarako turismo bulego nagusia. Antioko baselizak bisitari kopuruari eutsi dio eta Inaziotar Ibilbidearen lehenengo etaparen amaiera denez gero (Loiola, Gipuzkoa-Antio, Zumarraga), ibilbidea egonkortzen den heinean bisitari gehiago jasoko dituelakoan daude.
Inaziotar Ibilbidea
Loiolako Inaziok bere jaioterritik Manresara (Katalunia) egindako ibilbidea egonkortu dadin lanean ari dira Araba nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ibilbidea zeharkatzen duten Urola Erdia, Debagoiena eta Goierri garaia bailarako ordezkariak, besteak beste.
Ibilbidearen berri eman dute, bide batez, Madrilen egin berri duten Fitur turismo ferian. Goierri garaiko baliabideak mendi eta bailara inguruak hartu dituen standean aurkeztu dituzte. Mila lagunetik gora igaro dira stand horretatik eta informazioa eskatu dute. Interes gehien sortu duten baliabideak izan dira: bide berdeak, agroturismoak, mendi-ibiltaritza eta Inaziotar Lurraldearen zein Inaziotar Ibilbidearen proiektua.













