Manifestazioa deitu dute euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko
Kontseiluak eta Uemako udal ordezkariek egin dute deialdia, otsailaren 28rako. Donostian egingo dute manifestazioa, 17:30ean, 'Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara' lelopeanOtsailaren 28rako manifestazioa antolatu dute Kontseiluak eta Uemako kideek. ...
Kontseiluak eta Uemako udal ordezkariek egin dute deialdia, otsailaren 28rako. Donostian egingo dute manifestazioa, 17:30ean, ‘Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara’ lelopean
Otsailaren 28rako manifestazioa antolatu dute Kontseiluak eta Uemako kideek. Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko dira, 17:30ean, Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean, eta Bulebarrean amaituko dute. Hizkuntza politiketan azken aldian espainiar eta frantziar estatuen aldetik zein nafar gobernuaren aldetik jasandako esku hartzeak salatzea da manifestazioaren helburua. Era berean, hainbat administraziotako arduradunek aurrera egiteko hartu duten erabakia txalotu nahi dute.Joan den astean egin zuten deialdia, eta agerraldian izan ziren Aduna, Antzuola, Arama, Bergara, Gaintza, Oiartzun, Oñati, Usurbil, Zarautz eta Zeraingo udal ordezkariak, Uemako kideak. «Espainiar estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariarekin helegiteak jaso ditugun hainbat udaletako ordezkariak bildu gara hemen; euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte, euskararen balio ofiziala ari dira zalantzan jartzen, eta hori oso larria da», adierazi zuen Maren Belastegik, Uemako lehendakariak.
Egoera horren aurrean bat eginda erantzutea beharrezkoa dela uste du Belastegik, eta, helegiteak helegite, aktak euskaraz idazten jarraitzeko asmo irmoa azaldu zuen. «Euskaldunon eskubideak bermatu eta euskaraz aritzea juridikoki babesteko moduak bilatu behar ditugu, ezinbestean, baita horretarako legea bera egokitu behar bada ere».
Bilbaoren hitzetan, Carlos Urkixo ez da hizkuntza politika aurrerakoiak egiten dituzten administrazioen aurka ari den bakarra. Frantziar estatuak eta nafar gobernuak bide bera hartu dutela salatu zuen. «Kasu hauek agerian uzten dute euskaldunak ez garela askeak, eta gaur gaurkoz ez daukagu guk nahi dugun hizkuntza politika egiteko dugun eskubidea aitortuta».
Uemako kideek aktak euskaraz bidaltzen jarraitzeko asmoa babestu zuen Bilbaok osteguneko agerraldian, eta hartutako erabakia «txalogarria» dela adierazi zuen. «Gainerako instituzioak ere hauek abiatutako bideari jarrai diezaioten animatu nahi ditugu, gero eta gehiago izan daitezen».
Goierriko herriak tartean
Goierriko hainbat udalek jaso dituzte helegiteak aktak euskaraz egiteagatik: Aramak, Gaintzak, Itsasondok eta Altzagak. Herri horietatik Aramak eta Gaintzak erabaki zuten prozesu juridikoarekin aurrera egin eta aktak euskara hutsean egiten jarraitzea. Zeraingo udalak ere jaso zuen helegitea, Ueman sartzeko erabakia hartzeagatik. Uemak, ordea, onartu egin zuen kide gisa.













