Guillermo Prietok bi domina lortu ditu estatukoan
Txirrindularitza egokituko Espainiako Txapelketetan podiumeko bi postu lortu ditu Guillermo Prieto txirrindulari olaberritarrak. Maiatzaren 16an eta 17an jokatu ziren lasterketak, Ciudad Realen (Espainia). Erlojupeko modalitatean txapeldunorde izan zen...
Euskadiko selekzioarekin parte hartu zuen Prietok. Larunbatean, hilaren 16an, 18 kilometroko ibilbideko erlojupekoa jokatu zuten. «Krono oso gogorra izatea suertatu zen, haizeak aurrez jotzen zuelako», azaldu du Guillermo Prietok.
Cesar Neira madrildarrak irabazi zuen, eta bigarren sailkatu zen olaberritarra, 26:34 minutuko denborarekin (irabazleak baino 1:02 gehiago).
Berreskurapen harrigarria
Igandean, bezperako zirkuitu berari lau bira ematea zen errepidekorako lana. Haizea zebilen orduan ere. Azken itzulian, 9 kilometroren faltan, atzetik jo zuten Prieto, eta bizikletaren gurpila atera zitzaion. Geratu, matxura konpondu, eta lasterketa buruktik atzera geratu zen.
Selekzioaren kotxea gertu zuen, eta azkar berrekin ahal zion lehiari. Hirugarren sartu zen, Francisco Garcia irabazleagandik 38 segundora. Zapore gazi-gozoa du Prietok, hala ere, urrea lortzeko moduan zelako.













