Bizitzeko Herriari buruzko tailerrak Ingurugiroaren Nazioarteko Egunean
Gai bera landu dute aurten Goierri garaiko 3.400 ikaslek Eskolako Agenda 21ean. Bihar Areizaga-Kalebarrenen kaleaz gozatzeko aukerak zabalduko dituzte hainbat tailerren bidezNork bere herriko kaleez gozatzeko eskubidea, gustura egoteko aukera eta eroso...
Gai bera landu dute aurten Goierri garaiko 3.400 ikaslek Eskolako Agenda 21ean. Bihar Areizaga-Kalebarrenen kaleaz gozatzeko aukerak zabalduko dituzte hainbat tailerren bidez
Nork bere herriko kaleez gozatzeko eskubidea, gustura egoteko aukera eta eroso sentitzeko abagunea dira Bizitzeko Herria filosofiak hartzen dituen adar nagusiak. Horiei buruz aritu dira aurtengo ikasturtean Goierri garaiko 3.400 ikasle Eskolako Agenda 21ean. Orain, gogoeta kalera aterako dute. Bihar, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, Aste Berdearen egitarauaren barruko tailerren ardatza Bizitzeko Herria izango da.Tailerrak Urretxuko eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan izango dira 18:00etan hasi eta 20:30era arte. Legazpin ekainaren 26an egingo dituzte Euskal Herria plazan.
Kanpainaren helburua, finean, bizitzeko egokiak diren hiriak eta herri abegitsu zein atseginak lortzeko pausoak ematea da. Tailer hauek, gogoeta kalera ateratzeko aitzakia dira. Izan ere, kaleak zereginak egitera joateko bideak izateaz gain, herritarren arteko elkargunea ere badira.
Bihar Urretxuko eta Zumarragako plazan mahai jolas erraldoia ipiniko dute, igerileku puzgarrian arrantzatu ahal izango da eta jolas tradizionaletan aritzeko aukera egongo da belaunaldien arteko hartu emana sustatzeko; txingoka, txapak, ziba, kromoak, tortolosak, zaku karrera… Beste gune batean klarionekin lurrean margotu ahalko da.
Kaleak hartzea helburu jarri dute eta egunerokoan kalean egoten diren hainbat elementurekiko atentzioa erakartzeko ekintza aurreikusi dute. Kartelak eramango dituzte inprimatuta eta kartelak margotu nahiz dagokien tokian kokatzeko gonbidapena egingo diete herritarrei: landareen zein loreen izenak, txakur gorotzak jaso behar direla gogoratzeko mezuak, eta abar.
Areizaga-Kalebarrengo tailerretan herritarren iritziak jasotzeko asmoa daukate: zer sumatzen duten faltan, zer gehituko luketen edo zer kendu. Beste herri batzuetan egindakoaren berri ere emango dute, bide batez.
Ikasleekin egindako lanketan atentzioa eman dien zerbait nabarmendu du Amaia Lizarralde Urretxuko ingurugiro teknikariak: «Guk, esaterako, jolasteko belardi zabal bat edo ibaian bainatu ahal izatea eskatuko zutelakoan geunden eta beraiek dagoena hobetzera jo zuten, ezagutu ez dutena ezin baitute eskatu».













