'Busti zaitez' kanpaina Goierrira dator asteburuan
Esklerosi Anizkoitzaren aurka urtero egiten duten Busti zaitez kanpaina asteburuan iritsiko da Goierrira. Hala, Ademgi elkarteak bultzatuta, Legazpin, Ordizian eta Urretxun egingo dituzte ekintzak. Busti zaitez, «gizartea sentsibilizatzeko eta dirua l...
Ademgi elkarteak, gaixotasun neurologiko honek eragiten dituen arazoei aurre egiteko lan egiten du, eta era berean, gaitzaren eta honi aurre egiteko moduen inguruko informazioa emateaz arduratzen da. 2007. urteaz geroztik, esklerosi anizkoitza eta beste gaitz neurologiko batzuk lantzeko zentroa dute martxan; bertan, birgaitze zerbitzua ematen diete gaixoei.
Duela bederatzi urte iritsi zen egitasmoa aurrenekoz Goierrira. Pixkanaka herriz herri zabaltzen doa eta dagoeneko Gipuzkoako 14 herritan egiten dute. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa kontuan hartuta, berriz, iaz 90.000 lagunek parte hartu zutela azaldu du elkarteak.
Igerilekuetan eta kalean
Kanpaina honetan parte hartzeko hainbat bide jarriko ditu elkarteak, herriz herri. Ezagunena igerilekuetan egiten dena bada ere, kalean informazioa emateko eta dirua biltzeko postuak ere jarriko dituzte, asteburuan eta hilaren 15ean.
Ordizian esaterako, Majori kiroldegiko igerilekuan bilduko dira, igande honetan. Bertan, uretan sartu eta igerian egitera animatuko dituzte herritarrak. Bukaeran igeri egindako metro guztiak zenbatuko dituzte. Horrez gain, «iazko arrakasta ikusita», aurten ere Ordiziako azokarekin bat eginez, postua jarriko dute plazan, hilaren 15ean.
Urretxun ere asteburuan izango dira ekintzak. Larunbatean, Areizaga-Kalebarren plazan jarriko dute postua, 10:00etatik 14:30era bitartean. Igandean berriz, igerilekuan bilduko dira. Legazpin, herriko bi puntutan jarriko dituzte postuak: Laubiden eta udaletxearen ondoan.
Postu horietan, boluntarioak egongo dira informazioa ematen eta dirua biltzen. Horrez gain, Kukuxumuxuk diseinatutako kamisetak eta txapelak ere jarriko dituzte salgai. Igerilekuetan bustitzen direnei berriz, diploma bana emango diete.













