Tenperatura aldaketa handiak izango dira egunotan
Ehunmiliak probaren atarian, eguraldia izaten da korrikalarien eta antolatzaileen kezka nagusietako bat. Izan ere, euriak, hotzak edota behelainoak asko zaildu dezakete proba, batez ere gauez egin beharreko tarteetan. Tenperatura aldaketa handiak iraga...
Euskalmet metereologia agentziaren arabera bero handia egingo du gaur. 35 gradura arteko maximak iragarri dituzte, eta horrek, korrikalarien lana zaildu dezake, batez ere, arratsaldetik abiatu behar dutenen kasuan. Arratsalde partean haizea ipar-mendebaldera aldatuko da, bolada bortitzekin, eta tenperatura nabarmen jaitsiko da gauerako. Mendi guneetan, 10-14 graduko tenperaturak izango dira.
Larunbata freskoago dator; 10 bat gradu gutxiago izango dira, eta zeruak estalita. Tantaren bat egin dezake, baina ez da euri handirik espero.
Antolakuntzaren partetik, beroarekin kontuz ibiltzeko deia egin dute. Iñaki Mozok azaldu duenez, azken uneko parte zehatzagoen zain badaude ere, «bero handia egingo duela ikusita, anoa postu bakoitzetik litro bat urekin» ateratzeko abisua eman diete korrikalari guztiei.
Kaleak eta trafikoa
Ehunmiliak lasterketa dela eta, Kale Nagusia itxita egongo da trafikoarentzat, probak irauten duen egunetan. Gainontzean normal ibili ahal izango da. Hala ere, auto gidariei adi ibiltzeko eta boluntarioek esandakoari kasu egiteko eskatu dute antolatzaileek, batez ere Igartza-Oleta auzoan, korrikalariek errepidea zeharkatu beharko dutelako.
Aparkalekuei dagokionean, korrikalariek Gipuzkoa plazako aparkalekuan utzi beharko dituzte autoak. Hura betetakoan, Bernedo-enean edo herriko beste aparkalekuetan utzi beharko da autoa. Hala ere, herrigunean eta proba pasatzen den puntuetara mugitzeko, egunotan jarriko duten autobus zerbitzu berezia erabiltzeko deia egin dute, bai ikusleentzat eta baita korrikalarientzat ere. Hala, erretiratuek, zein behin proba amaitutakoan dutxatzera kiroldegira joan nahi dutenek erabili ahalko dute zerbitzu hori. Autobusen ordutegiak, ehunmilak.com webgunean kontsulta daitezke.













