Gaur hasiko dira Amporen entrenamenduak Kellyrekin
Ampo Ordizia errugbi taldea gaurtik hasiko da lanean, denboraldi berriari begira. Entrenamendu plan indartsua prestatu dute abuzturako Wade Kelly eta Gorka Nuñezek. Hala, jokalariak astean bost egunetan elkartuko dira Altamiran. Hilabetean zehar joango dira jokalari berriak ere iristen. Kelly bera atzo heldu zen Ordiziara.
Liga irailaren 20ean hasiko bada ere, hilaren 12an lagun arteko partidua jokatuko da Madrilen, Cisnerosen kontra. Altamiran jokatzeko beste lagun arteko bat antolatzeko ahaleginak egiten ari da kluba.
Amporen lehen aurkaria Getxo Artea izango da. Altamiran estreinua astebete geroago izango da, 27an, Sanboianaren kontra. Lehenengo fasea maiatzaren 8ra arte luzatuko da. Tarte horretan hamaika partida jokatuko dira Altamiran eta beste horrenbeste kanpoan.
Ampo Ordiziak, lehen itzuli ona egin beharko du arazorik gabe ibili nahi badu. Bigarren itzulian, aurtengo denboraldiko lehen bost sailkatuei egin beharko bait die bisita, eta puntuak lortzea oso zaila egongo da.
Ondoren, liga irabazteko, edo jeitserako faseak izango dira eta tartean Kopako txapelketa ere jokatuko da. Zehatz-mehatz, Ligako titulurako play off-ak ondoko egunetan jokatuko dira: 2016ko maiatzaren 15ean (final laurdenak, partidu bakarrean), maiatzaren 22an (finalerdia, partidu bakarrean) eta finala maiatzaren 29an.
