Legorretako paper fabrika zaharraren pabiloi batzuk bota egingo dituzte
Aldundiak izendatu du eraisketa egingo duen enpresa, 217.000 euroan. Bi hilabete eta erdiko epean desegingo dute lantegia. Bulegoen eraikina zutik mantenduko dute, babestuta dago etaLegorretako Amaroz paper lantegia fisikoki ere historiara igaroko da, ...
Aldundiak izendatu du eraisketa egingo duen enpresa, 217.000 euroan. Bi hilabete eta erdiko epean desegingo dute lantegia. Bulegoen eraikina zutik mantenduko dute, babestuta dago eta
Legorretako Amaroz paper lantegia fisikoki ere historiara igaroko da, aurki. Fabrikako pabiloiak botatzeko obra onartuta dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta atzo argitaratu zuen eraisketa-lana emateko kontratua.Derribo Amasa deituriko enpresa talde batek gauzatuko du eraispena. Kontratua urriaren 16an formalizatu zuten, eta itunaren arabera bi hilabete eta erdiko epea izango dute botatzeko. 179.818,49 euro eta dagokion BEZa (37.761 euro gehiago) kostatuko da. Lizitazioko oinarrizko aurrekontua (329.646 euro) %45 beheratuta eskuratu du enpresa taldeak lana.
Gaur egun, bi jabetza ditu Amaroz paper fabrika zenak. Oria errekaren aldera geratzen den eremua —Legorreta-Itsasondo errepidean ezker aldekoa— Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, baita bulegoen eraikina ere. Pabiloi horiek botako dira, baina bulegoak ez, ezta tximinia ere, industri ondare izendapenarekin babestuta daudelako eta mantendu egingo dira.
Beste zati bat, bidez beste aldekoa, esku pribatuetan dago; bi banketxerena da. Hori ere botatzea pentsatuta daukate, baina ez osorik, babestu beharreko elementu batzuk badituelako.
1902an sortutako fabrika
Amaroz enpresaren —garai bateko Etxezarreta— zatia botatzea uztailean onartu zuen Diputatuen Kontseiluak. Aurreko agintaldian abiarazi zen egitasmoa, eta oraingo gobernuak ere begi onez jo du.
Bulegoen eraikinarekin etorkizunean zer egin ez dago argi. Bulegoak kokatzeko izan liteke, edo udalak kulturalki etekina ateratzeko aukera aipatu du.
Legorretako papertegia 1902an sortu zuen Juan Jose Etxezarreta ezkiotarrak. Gerra aurrean, jada ehun-bat langile zituen. 1958an, 223 pertsona enplegatzera iritsi zen. Etxezarreta 1941ean hil zen, eta haren suhiek segitu zuten negozioarekin.
1973an langileria jaisten hasi zen. 2004an La Salvadora enpresak erosi zuen, baina ordurako gainbehera geraezina zen. Urtebete iraun zuen hark. 2009an Amarozek erosi arren, 2010ean utzi zion papera egiteari.













