Goierriko hainbat herritan ere San Tomas ospatzen dute. Legazpin feria egin zuten igandean eta atzo Legorretako ikasleek txorixo ogitartekoak jan eta Gabon kantak abestu zituzten.Goierrin ere ospatzen da San Tomas eguna. Batez ere, Legazpin eta Legorre...
Goierriko hainbat herritan ere San Tomas ospatzen dute. Legazpin feria egin zuten igandean eta atzo Legorretako ikasleek txorixo ogitartekoak jan eta Gabon kantak abestu zituzten.
Goierrin ere ospatzen da San Tomas eguna. Batez ere, Legazpin eta Legorretan. Legazpin feria egon zen igandean eta Legorretan ikasleek ogitartekoak jan zituzten eta Gabon kantak abestu. Gainera, saskiak eta txerrikumea zozketatu zituzten.
Legazpiko San Tomas feria Domingo Agirre ikastetxeak eta Olazabal institutuak antolatzen dute. Eguraldi ona lagun, jende asko elkartu zen azokan. Bertan, taloak eta txistorra jateko aukera egon zen.
Domingo Agirre eta Olazabalekoek txoko ezberdinak prestatu zituzten: taloena, txistorrena, abarkena, gaztaina erreena, saskiena, ukendu eta sendabelarrena, barazkiena eta baserriko tresnena. Gainera, astoak tiratutako gurdian paseatzeko aukera egon zen eta saski bat eta txerrikumea zozketatu zuten.
Legorreta
Legazpiarrek igandean ospatzen dute beti San Tomas. Legorretako Ugaro herri ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoek, berriz, egunean bertan. Herriko pilotalekuan festa egin zuten. Txorizo ogitartekoak jan zituzten eta ondoren Gabon kantak abestu. Bukatzeko, eskolako saskia zozketatu zuten.
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek egutegiak, ipuin eta olerkien CDak eta zozketarako txartelak saldu zituzten. Egutegien salmentatik eta zozketatik ateratako dirua ikastetxera bideratuko dute eta diskoen salmentatik lortu dutena ikasbidaia ordaintzeko erabiliko dute. Kike Iartza, Nikolas Ezkurdia eta Yara Rostro 6. mailako ikasleek salmentekin «oso gustura» daudela esan zuten.
Goierriko beste herri batzuetan ere ospatu zuten atzo San Tomas eguna. Eskualdeko ikastetxe eta jubilatuen etxe askotan txistorra pintxoak jan zituzten. Seguran eta Zumarragan, esaterako.