Bi mila lagunek baino gehiagok eman dute izena Zegama-Aizkorrin
Izena emateko epea atzo ireki zuten eta otsailaren 5ean itxiko dute. 225 dortsal zozketatuko dituzte. Zozketa otsailaren 26an egingo dute, Zegamako udaletxeanZegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea atzo ireki zuten eta dagoeneko 2.000 lagun ...
Izena emateko epea atzo ireki zuten eta otsailaren 5ean itxiko dute. 225 dortsal zozketatuko dituzte. Zozketa otsailaren 26an egingo dute, Zegamako udaletxean
Zegama-Aizkorri mendi maratoian izena emateko epea atzo ireki zuten eta dagoeneko 2.000 lagun baino gehiagok eman dute izena kirolprobak.com webgunean. Izena emateko azken eguna otsailaren 5a izango da. Otsailaren 26an 225 dortsal zozketatuko dituzte izena emandako guztien artean. Zozketa Zegamako udaletxean izango da, 18:00etan. Dortsalen jabeen izenak arratsalde horretan bertan emango dituzte ezagutzera, zegama-aizkorri.com webgunean.Aurtengo edizioa, hamabosgarrena, maiatzaren 22an izango da. Munduko eta estatu mailako txapelketetarako baliagarria izango da. Maratoia, gazteentzako Junior Trail lasterketa eta Kilometro bertikala ostiralean aurkeztu zituzten, Donostian. Ekitaldian Goizane Alvarez foru Kirol zuzendariak, Joseba Izagirre alkateak eta Ainhoa Txurruka eta Alberto Aierbe antolatzaileek parte hartu zuten.
Maratoian 500 dortsal banatuko dituzte. 225 izena emango duten guztien artean zozketatuko dituzte, 150 antolakuntzak hartuko ditu bere konpromisoei erantzuteko eta 125 azken urteetan denbora onenak egin dituztenen artean eta urtero parte hartzen dutenen artean banatuko dituzte.
Egun berean, gazte mailako korrikalariek Zegama-Aizkorri Junior Trail lasterketan parte hartzeko aukera edukiko dute. Korrikalariek 10,4 kilometroko ibilbidea osatuko dute.
Kilometro bertikalari dagokionez, maiatzaren 20an egingo dute (ostirala) eta estatu mailako txapelketarako eta Euskadiko Koparako baliagarria izango da. Aurten 200 dortsal banatuko dituzte. Iaz 150 banatu zituzten eta 600 lagunek eman zuten izena. Maratoiko dortsalekin batera zozketatuko dituzte Kilometro bertikalekoak. 200 lagun baino gehiagok eman dute izena jada.
Kilometro bertikalaren ibilbidean aldaketa bat egongo da. Aitxuriko puntara igo beharrean, Iraulekora igoko dira. Zegamako plazatik irtengo dira, baina apeadero inguruan hasiko dira kronometratzen.
Aierbe gustura ageri zen atzo, lehen egunean lagun askok izena eman zutelako. «Eskerrak jendeak hamabost egun dituen izena emateko! Horrenbeste jendek izena ematea poza ematen du, baina batzuetan honek guztiak eskuetatik ihes egingo digun beldur gara. Hau ez da Behobia-Donostia, mendian egiten da, eta mugak jarri beharra dugu».
Antolatzaileek ez dute oraindik gauza asko aurreratzerik, baina Aierbek urtero bezala omenaldia egongo dutela eta hamabosgarren ekitaldia dela ospatzeko sorpresaren bat prestatzen ari direla esan zuen.













