Tobera, musikaz eta dantzaz blai
Aizkorpeko Tobera musika eskola Musikaren Hamabostaldia ospatzen ari da. Igandean Dantzari Txiki eguna egin zuten Zegaman eta gaur Iruñean kontzertua emango dute.
Itoiz taldearen disko ezagun batek Musikaz blai du izenburua. Tobera musika eskolakoek, musikaz ez ezik, dantzaz ere blaitu dituzte Aizkorpeko bizilagunak. Izan ere, makina bat kontzertu eta Dantzari Txiki eguna antolatu dituzte, Musikaren Hamabostaldiaren barruan.
Musikaren Hamabostaldia joan zen astean hasi zen. Ikasleek kontzertuak eman zituzten, Seguran eta Zegaman. Gainera, Iruñeko Musica Sin Barreras elkartekoak Zegamara etorri ziren, Toberakoek Euskal Herriko Trikitixaren Egunean parte hartu zuten eta igandean Dantzari Txiki eguna ospatu zuten Zegaman.
Zegamarrek, dantzaz gain, euriaz ere blaitzeko arriskua zuten eta ekitaldi guztiak ikastetxeko patioan egin zituzten. Beasaingo, Segurako eta Zegamako 200 bat dantzarik parte hartu zuten.
Astelehenean Zegamako piano eta gitarra ikasleek kontzertua eman zuten eta Segurako musika hizkuntzako ikasleek saio irekia egin zuten. Atzo Zegamako saxofoi eta zeharkako txirula ikasleek eta Segurako saxofoi, zeharkako txirula, soinu txiki, pandero eta perkusio ikasleek jo zuten.
Gaur, Toberako ikasleak Iruñera joango dira. Musica Sin Barreras elkartekoekin kontzertua emango dute, 18:30ean, Gazteen Etxean.
Truke saioa
Musica Sin Barreras elkartearen helburua urritasun psikiko eta fisikoak dituzten pertsonak gizartean integratzea da. Horretarako, musika erabiltzen dute. Toberakoek ordubeteko tailerra egin zuten sentsibilizazioa lantzeko eta joan zen asteko saioa oso arrakastatsua izan zen. «Oso kontzertu polita izan zen. Jende asko etorri zen. Goierrin jendea txaloka eta dantzan jartzea ez da erraza, baina Iruñekoek lortu zuten. Zegamako festak ziruditen. Gainera, gure ikasleek oso ondo erantzun zuten. Iruñekoentzat lehen trukea izan zen eta oso gustura itzuli ziren», esan du Iker Gomez de Segura Toberako zuzendariak.
Tobera musika eskolaren Musikaren Hamabostaldiko azken kontzertua ostegunean izango da, Seguran. Bertako gitarra ikasleek kultur etxean joko dute, 18:30etik aurrera.
Bukatzeko, igandean Toberako dantzariek Beasaingo Dantzari Txiki egunean parte hartuko dute.













