Arcelor Mittalen itxierak enpresako langileei ez ezik, lantegiarentzat lan egiten dutenei ere kalte egingo die. Horien artean, talde handiena kamioilariena da. Enpresako inork ez die eman beraien asmoen berri.

Arcelor Mittal ixten badute, enpresako langileak ez dira kaltetu bakarrak izango. Izan ere, beste askok enpresa honentzat lan egiten dute. Horien artean, talde zabalena kamioilariena da. Lau kamioilarik beraien egoeraz hitz egin dute HITZArentzat.
Joakin Arretxe Seguran bizi da eta 62 urte egin behar ditu. 30 urte baino gehiago daramatza garraiolari lanetan, ia beti Arcelorrentzat. Toribio Kerejeta zumarragarrak, berriz, 22 urte daramatza Arcelorrentzat lanean. Juan Mari Mindegia irundarrak 44 urte ditu eta sei urte daramatza Zumarragako lantegiarentzat lanean. Taldeko gazteena Egoitz Bereziartua azpeitiarra da. 26 urte ditu eta duela sei hilabete hasi zen Arcelorrentzat lanean. Bere anaiak ere enpresa honentzat lan egiten du.
Kerejetak azken urteetan lan baldintzek okerrera egin dutela dio. «2005etik hona (Mittal eta Arcelor elkartu zirenetik) asko estutu gaituzte. Gainera, betebeharrak geroz eta gehiago dira. Segurtasuna beharrezkoa da, baina tontakeria asko daude tartean: kamioia ezin da arrankatuta eduki eta arrankatuta ez badugu suspentsioa izorratu egiten da, adibidez. Beraiena bakarrik hartzen dute aintzat. Eta kexatzen bagara, inork ez gaituela beraientzat lan egitera behartu esaten digute. Hori herriko semeek, e! Beraiek galoiak jartzeagatik, zapaldu egin gaituzte. Horrek ematen dit minik handiena».
Ez hori bakarrik, enpresako inork ez die esan Zumarragako lantegia ixteko asmoa dutenik. Eta beraien lanaren %80-90a Arcelor Mittalentzat egiten dute. «Kamioiak enpresa honentzat ditugu prestatuak, beraiek hala eskatuta. Aspalditik bi erremolke ditugu bakoitzak: bata materialarentzat eta beste txatarrarentzat. Bat beti geldirik dago. Gainera, gutxiago ordaintzen hasi ziren eta aluminiozko erremolkeak erosi genituen pisu gehiago eraman ahal izateko. Pisua ere jaitsi ziguten gero! Bestalde, ordu asko eman ditugu beti lanean. Ia bi errelebotako lana. Kargatzen bakarrik, hiru bat ordu galtzen genuen».
55 bat kamioilari dira Arcelor Mittalentzat lan egiten dutenak. Bi kooperatiba daude: Goi Garraioak eta Urola. «Kooperatibak ere enpresak eskatuta sortu genituen, bestela enpresa banan-banan jarri behar baitzen gurekin harremanetan».
Hori guztia dela eta, oso minduta daude azken asteetan gertatu denarekin. «Enpresako inork ez digu esan Zumarragako lantegia ixteko asmoa dutenik eta, gainera, burla egiten ari zaizkigu. Izan ere, Bergaratik Olaberriara materiala eramaten ari dira eta, lan hori guri eskaini beharrean, kanpoko jendeari eskaini diote. Asturias eta Santanderreko jendea da materiala Bergaratik Olaberriara eramaten ari direnak. Gainera, krisia hasi zenean %15 jaitsi ziguten soldata. Krisia pasatakoan gogoratuko zirela esan zuten. Begira zer erantzun jaso dugun… Duela 22 urte baino gutxiago kobratzen dugu. Beti zerbitzu ona eman dugula esan digute, txarra eman izan bagenu…».
Etorkizuna
Etorkizuna ilun ikusten dute. «Beste lan bat bilatu beharko dugu. Aldundiaren atea jo dugu, laguntza eske. Autonomoak gara eta langabezia ere ez dugu kobratuko. Ea zaborra eramateko-edo gutaz gogoratzen diren. Garraiolarien merkatua oso gaizki dago. Kanpoko jendea etorri da eta duela 20 urte kobratzen genuena kobratzen dugu. Dagoeneko errepideetako tabernetan jateari utzi diogu eta bertan lotan gelditzeagatik kobratzen hastea pentsatzen ari dira».