Legazpiko futbol zazpi txapelketa igandean hasiko da, 33 talderekin
Legazpiko Gazteak Kirol Elkarteko futbol zazpi atalak bederatzigarren urtez antolatu du txapelketa. Sei talde neskenak izango dira. Finala uztailaren 2an jokatuko dute
Herritarren arteko futbol zazpi txapelketa etzi hasiko da Legazpin, eta uztailaren 2an jokatuko dute finala. Aurten 33 taldek eman dute izena, eta horietatik sei neskek osatutakoak dira. Aurreko urteetan hiruzpalau izaten ziren neskenak, baina aurten bi talde berri osatu dituzte hamasei urte bete berri dituzten herriko neskek. Guztira, 436 jokalari bilduko ditu txapelketak.
Lehenengo fasean ligaxka egingo dute. Zortzi multzo osatu dituzte taldeekin, eta multzo bakoitzeko taldeek elkarren aurka jokatu beharko dituzte partidak. Multzo bakoitzeko bi taldek jarraituko dute aurrera. Final zortzirenak, final laurdenak eta finalerdiak jokatuko dituzte gero, eta sailkatzen diren bi taldeek finala jokatuko dute. Partidak larunbatetan eta igandeetan jokatuko dituzte.
Zazpi partida, hasteko
Etzi, 10:00etan hasiko da lehen partida, Bikuñako futbol zelaian. Zazpi partida izango dira, bata bestearen jarraian. Hortaz, zortziak aldera amaituko da jardunaldia. Partida bakoitzean, jokatzen ari ez den talde batek egingo ditu epaile lanak.
Iazko txapelketa irabazi zuen Football Comedy taldeak ere parte hartuko du aurten. Etzi, 11:15ean jokatuko dute, Astoan bila taldearen aurka.
Gazteak Kirol Elkartea 2008an hasi zen txapelketa antolatzen. Lehenengo urtean hogei talderekin hasi zirela gogoratzen du Iker Azpeitia antolatzaileak, eta duela pare bat urte 38 taldera ere iritsi zirela. Finaleko egunean, gainera, festa giroa sortzen da Legazpin. Hortaz, txapelketak herri mailan arrakasta izan duela esan daiteke.
Adin guztietako jendeak parte hartzen du, hamasei urtetik gora. «Iaz, esaterako, talde batean aitak jokatzen zuen, eta beste talde batean alabak», esan du Azpeitiak.













