Udarekin batera dator festa
Uda garaiko aurreneko festak izaten dira suaren bueltan hasten diren 'sanjoanak'. Olaberriko eta Segurako jai nagusiez gain, hainbat auzotan ere ospatzen dira
Udako solstizioarekin batera dator San Joan bezpera, eta herri eta auzo askotan, suarekin batera hasiko dituzte festak. Seguran eta Olaberrian, esaterako, herriko jai nagusiak dituzte asteburuan. Beste zenbait herritan berriz, auzoetako festak izango dituzte; horien artean daude Ataungo Arrondo, Ordiziako Otegi Enea eta Legazpiko Telleriarte auzoak.
Seguran bihar bertan hasiko dituzte festetako ekitaldiak, sua piztu aurretik. Iluntze partean emango diete ordea, hasiera ofiziala jaiei, zopa pertzaren jaitsierarekin. Sua, berriz, txistulariek eta dantzariek lagunduta piztuko dute. Igandera arte, bost eguneko egitarau betea dute aurretik segurarrek. Ostiralean mozorro eguna izango dute, eta larunbatean kuadrillena. Igandean, gauerdiarekin batera igoko dute atzera zopa pertza udaletxe zaharreko balkoira, festak agurtuz.
Olaberrian ere bihar goizetik hasiko dituzte festa giroko ekitaldiak, baina suaren inguruan biltzen direnean joko du gaina festen aurreneko egunak. Txalapartariak eta dantzariak izango dituzte lagun eta, ondoren, su festak alaituko du gaua.
Auzoetako festak
San Joanek festa kutsua ekarriko dute asteburuan beste hainbat herritara. Ordizian, esaterako, herriko jaien aurreko asteak betetzen dituzte auzoetako festek. Horietan lehenak, Otegi Enea-Majori auzokoak izaten dira, San Joanekin batera. Aurten ere, auzo bazkaria, umeentzako jolasak eta kontzertuak izango dira.
Legazpin ere, garrantzia handia izaten dute herrigunetik kanpoko auzoetako jaiek. Telleriarte auzoan, esaterako, San Joan eguna ospatzen dute. Bezperan, sua eta erromeria izango dira, eta zaindariaren egunean, jubilatuen bazkaria, umeentzako jolasak eta trikitilariek alaitutako dantzaldia.
Ataungo Arrondo auzoan ere San Joanetan izaten dituzte ospakizun nagusiak. Auzotarren arteko harremanak estutzeko egunak izaten dira, eta suaz gain, herri afaria eta umeentzako jolasak izango dituzte.
Pilota eskolako Sara Izagirrek irakurriko du Segurako pregoia
Bihar, 20:00etan, Zopa pertzaren jaitsierarekin hasiko dira aurtengo Segurako San Joan festak. Pertzaren jaitsierarekin batera, pregoia irakurriz festei ongi etorria egingo diete. Aurten, festa batzordeak proposatuta, Segurako Pilota Eskolak du aurtengo pregoia irakurtzeko ohorea eta protagonismoa. Inge Olano pilota eskolako arduraduna pozik dago, izango duten ardurarekin eta protagonismoarekin. «Oso gustura gaude, batez ere pilotari indar pixka bat emateko herri mailan. Herriko programan gatoz eta festen hasierako ekitaldian herri guztia egoten da. Pilota eskola hor ikusita, indar pixka bat emateko aukera ona da». Gaur egun 50 bat neska-mutil dabiltza Segurako Pilota Eskolan. «Hasi ume asko egiten dira baina jarraitu gutxik egiten dute». Neska bakarra dabil pilotan, Sara Izagirre, eta berak ikurriko du pregoia, «herriko beste neskek ere ikus dezaten neskak ere ari direla pilotan». Adin nagusiagoko Segurako hainbat pilotari, berriz, Lazkaoko eta Zegamako klubetan dabiltzala ere jakinarazi du. Garai batean indar handia Dena den, garai batean, indar eta garrantzia handia izan zuen pilotak Seguran. Pilotari handiak izan dira, Martin Alustiza eta Xabier Imaz, adibidez. Herri arteko pilota txapelketan ere lau txapelketa irabazitakoak dira segurarrak. Baina «azken urteetan beste kirol aukera batzuk hartu dute indarra. Gaur egun abaniko zabalagoa dute haurrek kirol bat aukeratzeko orduan eta azkeneko urteetan dezenteko beherakada nabaritu dugu pilotan. Dena den, ez da Segurako kontua bakarrik, orokorra da», aitortu du segurarrak. Pilotalekuak jendez beteta egoten ziren garaiak ondo gogoan ditu Olanok, «ez zen leku asko izaten pilotalekuan eta aurrera iritsitako pilotari asko izan da». Orain Goierrin pilotari txapeldun bat izan da, Iker Irribarria aramarra, aukera ona izan liteke pilota indartzeko: «Bultzada handia ematen du pilotari on batek egonez gero». 1986tik lanean Segurako Kirol Elkartea 1986. urtean sortu zen ofizialki herrian kirola, eta batik bat pilota bultzatzeko helburuarekin. Gaur egun Mendi Elkarteak eta Pilota Elkarteak osatzen du Segurako Kirol Elkartea. Segurak pilotarako duen zaletasunari eustea eta herritarrak pilotaz gozaraztea da bere helburu nagusia. Aurtengo festei dagokionean, antolatu dituzten pilota partidetara joateko gonbita luzatu nahi diete herritarrei.














