Giro ederra Ordiziako Klasika hasteko
Ordiziako Klasikan tradizioa bihurtu da iritsi berri diren txirrindulariek eta oraindik etxera iritsi gabeko parranda zaleek bat egitea. Eta sekulako giroa jartzen dute txirrindularien aurkezpenak egiterako garaian. Gaur ere halakoxea izan da irteera puntuan zegoen festa usaina. Txirrindulariek irribarre txikiarekin hasi dute goiza, eta asko izan dira zaleengana gerturatu eta beraiekin argazkiak atera dituzten txirrindulariak ere.
Irteera puntuan bilduta, 10:00etan puntuan hasi da zinta mozteko ekitaldia. Aurten, Felix Gonzalez zenaren alarguna eta alaba arduratu dira lan hori egiteaz. Aurretik, minutuko isilunea gorde eta lore sorta ere eman diete, urte askoan, Ordiziako lasterketan foto-finish-aren arduradun izan baitzen Gonzalez.
Txirrindulariei dagokionean, 165,7 kilometroko ibilbidea dute aurretik. Aurten ez dute Gaintzako aldapa igoko, eta ohiko ibilbidera itzuliko da Ordiziako proba, Alegiatik barrena, Abaltzisketako igoera eginez. Aurten “proba irekia”, faborito argirik gabekoa izango dela azaldu dute antolatzaileek. Baina irteera puntuan Movistar, Caja Rural eta Murias Team taldeak izan dira zaleen artean arretarik handiena piztu dutenak. Angel Madrazo (Caja Rural) iazko irabazleak, esaterako, aurten ere lan ona egiteko asmoz datorrela esan du, eta “talde ona” duela atzetik. Garikoitz Bravo (Murias) lazkaotarrak ere, aurten indarrez datorrela erakutsi du, eta “helburua irabaztea” dela esan du irteeran.