Troskaetako barrunbea./Felix Ugarte Elkartea
Aralarren barrunbeak ikusteko aukera emango du, larunbatean, Felix Ugarte Espeleologia Elkarteak, Ataunen. Aralarko parketxearekin batera, irteera gidatua antolatu dute Troskaeta kobazulora.
Lehenbizi, 09:30ean San Martindik oinez joango dira Troskaetara, ordubete inguruko bidean. Intzartzuko haitzaren iparraldean dago leizearen sarrera.
Espeleologoen laguntzarekin, kobara sartuko dira, gero, irteerara joaten diren herritarrak. Ordubete edo ordu eta erdi iraungo du espedizioak, barruan. San Martinera 14:30ean itzuliko dira.
Ugarte elkartekoek aurreratu dutenez, txango espeleologikoa zailtasun tekniko gutxikoa izango da. «Troskaeta garapen errazeko barrunbea da». 1946an Ursus spelaeus hartzaren hezurrak aurkitu zituzten.
Uretako botak eta arropa
Kaskoa, argiteria eta eskularruak antolatzaileek emango dizkiete partaideei. Norberak uretako oinetakoak eta aldatzeko arropa eraman dezala aholkatu dute, baita zira bana ere.
Irteera 25 euro kostako da. Izena aurrez eman beharra dago, (943 18 03 35;
barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).